Etorkina hitza erabili dut, eta ez migrantea, zeren eta migrante hitza itsasoz beste aldetik etorritakoak aipatzeko erabiltzen baita gehienbat.
Gaindegiak eman dituen datuen arabera, azken hogei urteetan Euskal Herrira 437.106 etorri dira Espainiatik, eta 126.387 Frantziatik; mundu zabaletik beste 114.372.
Ematen du ingurutik heldu diren 563.493 etorkin horiek etxekoak ditugula, eta, egia esan, etxeko askoren antzekoak dira euskarari dagokionez. Niri zer pentsatu gehiago ematen didate itsasoz beste aldetik etorritakoek baino, normalean hizkuntza hegemonikoei buruz ondo kulturizatuta baitatoz.
Euskaldunon artean kezka badago itsasoz beste aldetik geroz eta gehiago datozen horiekiko ere, nola ez. Horiek badute hizkuntza ez den beste hainbat behar larri ere. Gure gizartearen laguntza behar-beharrezkoa dute, eta eman egin behar zaie.
Behin edo beste entzun dut itsasoz beste aldetik etorritakoei, dituzten beste beharrak direla eta, euskara ikastea eskatzea diskriminazioa dela.
Irizpide bakarra daukat nik, norberaren ahalmenak askotarikoak badira ere, eta hau da: Euskal Herrian zerbitzu publikoa eskaintzen duen orok (ez zait axola nondik heldutakoa den, edo hemen jaioa den) euskaldunoi euskaraz egiteko ahalegina egin behar duela: bulego, denda, udal, aldundi edo Jaurlaritza, polizia, enpresa, telefono-zerbitzu, eskola, taberna, zaintza, osasun-etxe…
Ahaleginaz hitz egin dut, gogoa izan eta ahalegina egiten duenak ikasi egiten baitu. Ahalegin horretan administrazio publikoak baliabideak jarri behar ditu ahalegin hori gauza dadin, eta enpresa pribatuek ere beren langileei erraztasunak (denborazkoak eta ekonomikoak) eman behar dizkiete horretarako.
Momentuz, bada, diskriminazioaz eta zapalkuntzaz euskaldunok hitz egin dezakegu hizkuntzari dagokionez. Konprenitzen dut askok ez horrela ikustea. Denborak bakarrik ez du hori aldatuko.