ZUZENDARIARI

ETBn barrura begiratzeko leihorik ez

Joseba Azpeitia.
ETBren ikuslea (Zestoa).
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdi pastua dira, Barrura begiratzeko leihoak filma jendaurrean aurkeztu zutenetik. Bost euskal presoren (Irati Tobar, Gotzone Lopez Luzuriaga, Jon Ugarte, Jexux Mari Zalakain eta Mikel Antza) inguruko dokumental filma da beste bost euskal zuzendarik, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategik zuzendutakoa.

Presoen inguruko bost istoriok osatzen dute filma, eta komunikabide nagusiek presoei buruz eman ohi duten ikuspegitik haratago doa. Presoa ez ezik, pertsona agertuko zaigu, ingurune hurbila, giza dimentsioa bera. Labur esanda, atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea; 17 urteren buruan Euskal Herrira itzultzen den gizona; preso den alabarekin izandako elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama; espetxearen bakardadean bere burua topatu nahian dabilen unibertsitateko irakaslea eta 20 urte geroago gaztetako lagunarekin harremana berreskuratzen saiatuko den ETAko buru ohia agertuko zaizkigu.

Zinez ekoizpen etxeak herritarrek emandako diru laguntzei esker sustaturiko film hau Euskal Herrian zehar hainbat herritan eman zen, eta erantzun bikaina jaso zuen, 13.000 lagunek baino gehiagok ikusi baitzuten (makina bat film eman dira ETBn audientzia txikiagoa izan dutenak). Aurkeztu zutenetik bi urte pasatu ondoren, ETBn ematen ez zutela ikusirik, arazoren bat ote zegoen jakin nahian, ETBko zuzendari Edu Barinagarekin hitz egiteko aukera izan nuen 2014ko abenduaren 9an (eskertzen diot telefonoa hartu izana). Barinagaren iritziz, filma «interesgarria» zen, eta, ekoizleekin arazorik izan ezean, telebistan emateko asmoa agertu zuen. Jarraian, Zinez-eko arduradun batekin (Josu Martinezekin) harremanetan jarri, eta adierazi zidan beraien aldetik ez zegoela inolako arazorik (ez ekonomiko ez gainontzekorik).

Kontuak kontu, lau hilabete pasatu dira abenduaren 9tik, eta, tarte horretan, aurretik ETBn emandako dozena bat film edo eta emankizun (Kutxidazu bidea Ixabel, Izarren argia, Amerikanuak, Baztan, Xabin Arana... Baionako izkingileak, Trikiti emanaldiak...) enegarren aldiz errepikatu dituzte. Beraz, Barinaga jauna, ezin esan ez duzuela tarterik izan Barrura begiratzeko leihoak film «interesgarria» emateko. Errepikapenak eman beharrean, zergatik ez egin tarte bat orain arte inoiz eman gabekoei?

Aitzakiarik behar izatean, jakin, filmeko preso bat, Irati Tobar, epaiketa egin eta sententzia atera zain dagoela. Jexux Mari Zalakain kazetaritza fakultateko irakasle laguna, berriz, Egin egunkariko administrazio kontseiluan idazkari lanetan aritzearren, zortzi urteko kondena osoa betetzear da hilabete batzuren buruan.

Aitzakia ederra, beraz, aitzakiarik behar ez duen film hunkigarri duin hau, behingoz bizkar emateari edo izkin egiteari utzi, eta guztion zergetatik finantzatzen den Euskal Telebistan emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.