Prekarioen Koordinakundearen izenean

Eta zuk? Zure lana musu-truk egin nahi al duzu?

Iñaki Zaldua, Jon Azkune eta Mireia Irazola
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Zer esango luke artikulu honen irakurle orok bat-batean bere lanaren zati esanguratsu bat, lanean jarraitu eta egunen baten egonkortu ahal izateko, dohainik egin behar duela esango balitzaio? Ez dut uste Eva Ferreirak ere holakorik onartuko lukeenik berarentzat, ezta beregandik gertu egon daitekeen inorentzat ere. Ordea, errektore andreari eta bere taldeari esaten diegunean Euskal Herriko Unibertsitatean behin-behineko egoeran gauden irakasle eta ikertzaileak ez dugula gure lana boluntario bezala egin nahi, haserretu eta errealitatea ukatu egiten digute. 

Alegia, 2023ko ekainaz geroztik, behin-behineko egoeran zeuden unibertsitate irakasle asko 2.000 euroren bueltako soldata izatetik 800 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izatera pasatu ziren gauetik egunera. LOSUk ezarritako 80. Artikuluaren irakurketa hertsi bat egitea erabaki du EHUko  Errektore Taldeak; ondorioz, unibertsitatean egonkortu ahal izateko ezinbestekoa den ikerketa ez zaie ikertzaileei aintzat hartzen. Aisialdian egin beharko!

Aste honetan, lehendakaria hautatzeko kanpainan sartuta gaude bete-betean, eta, Eusko Jaurlaritzak baditu eskumenak ere bere aldetik behin-behineko langileen soldata hobetzeko. 41/2008ko martxoaren 4ko dekretuko taula ekonomikoan ordainsariak moldatuz, behin-behineko langileen soldatak duindu ditzakete era oso errazean. Aurrez aurreko saioetatik edo tutoretza orduetatik at, klase orduen prestaketa, zuzenketa eta hauek prestatzeko ezinbestekoak diren formakuntzarako, ikerketarako eta kudeaketa administratiborako behar den denbora aintzat hartuz.

Horregatik dei egiten diegu alderdi ezberdinetako hautagaiei auzi honen harira publikoki kokatu eta gure herriko unibertsitate publikoko langileen duintasuna bermatzeko apustua egiteko. Prest gaude, nahi dutenean, haiekin ere biltzeko.

Era berean, urte luzez ibili dira errektoretza talde ezberdinak eta sindikatuak negoziazio mailan eta, behintzat, gaur egun arte eztabaida gunea irekia zuten. Eztabaida gune legitimoak behar den ganoraz berriro ere martxan ipintzearekin batera, Errektore Taldeari, aipatutako artikuluaren inguruko zentzuzko irakurketa egiteko eskatzen diogu. Jakinda unibertsitatean ikerketa ezinbestekoa dela klaseen prestaketarako eta etorkizuneko profesionalen formakuntzarako, beren legealdia amaitu aurretik hau ere aintzat hartu eta dagoeneko prekarioa den egitura are gehiago ez prekarizatzea eskatzen diegu.

Bi lerroek konponbide erraza dute. Borondate politikoa behar da soilik. Zein da zuen eredua? Duintasuna ala doako lana sustatzen duen eredu prekarizatzailea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.