ZUZENDARIARI

Eta euskaraz noiz?

Gasteiz.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk baieztatu zidaten berria, Gabonetan erregeen ikuskizuna gazteleraz bakarrik izango zela, alegia. Hala ere, itxaropentsu joan naiz ikuskizunera Gasteizko Udalak hainbat gasteiztarrek egindako eskaerari kasu egingo ziolakoan.

Mendizorrotzako kiroldegira sartu orduko, musika izan da entzun dudan lehen gauza, gabon kantak, baina gazteleraz: Campana sobre campana, Los peces en el río… Begiak itxita sartu izan banintz, Madril edo Logroñoko ikuskizun batean nengoela pentsa nezakeen lasai asko.

Hizkuntzarik gabeko bi ikuskizunak politak izan dira, eta haurrek gozatu egin dute.

Erregeen txanda iritsi da. Hiru Errege Magoek euskaraz egin dute hitzaldiaren hasiera, baina buruz ikasitako esaldi bakarra izan da, hitzaldien gainontzekoa gazteraz soilik izan delarik. Eskertzekoa da keinua, baina gure seme-alabek errege euskaldunak izateko eskubidea dute. Hitzaldien erdian neure buruari galdetu diot «eta euskaraz noiz?», eta beste hiritar batek Printzipal aretoan erakutsitako errespetu falta —Eneko Sagardoi aktoreak salatu zuena— etorri zait burura. Eskaerak errespetuz eta modu onean egin behar dira, antzezle eta beste ikusle guztiek hori merezi dute eta. Horregatik, hau guztia kontatzeko idazten jarri naiz, milaka garelako egunerokotasunean Gasteizen «eta euskaraz noiz?» aldarrikatzen dugunak momentu eta egoera askotan...

Neure baitan nengoela, Meltxor haurrei zuzendu zaie berriro ere:

«Ondo portatuz zarete? Amak sukaldatzen duen dena jaten duzue?».

Badirudi hizkuntza ez ezik, genero rolak ere irakatsi behar dizkiegula errege hauei...

Nabarmentzeko beste ezer gabe amaitu da Mendizorrotzako kiroldegiko ikuskizuna, gaztelerazko gabon kantuekin berriro ere.

Hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu Gasteizko Udalak XXI. mendeko errege euskaldunen aldeko apustua egiten ote duen ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.