Euskadi ez da leku egokia parke eolikoak jartzeko. Eusko Jaurlaritzak berak modu inplizituan aitortzen du Energia Berriztagarrien Euskadiko Lurralde Plan Sektorialean. Haize-atlasetan ikus daitekeenez, gailurretan bakarrik jo dezake aldeko haizeak. Baina hor leku handirik ez dago. Kokapen horiek, mendi tontorrek, eolikoak instalatzeko zailtasunak eta oztopoak eragiten dituzte, beste leku batzuetan ez bezala. Orografiak ez du laguntzen. Laburbilduz, gutxi eta garesti sortuko da. Nolanahi ere, Buruntza mendirako proiektatutako hiru aerosorgailuekin, adibide bat jartzearren, Euskadin bizitegi-erabilerarako kontsumitutako energiaren % 0,5 hornitu ahal izango litzateke, ustez energia hori elektrikoa izango litzatekeena gehienbat. Hau da, Euskadin kontsumitutako energia guztiaren %0,059.
Baina hori lortzeko, kontsumitutako energia guztiaren %0,059 asetzeko, haizeak behar bezala jo behar du; bestela, energia galtzeko arriskua dago, ezingo baita erabili. Haizeak eta premiek ez dute zertan bat etorri, eta, oraingoz, energia metatzea zaila eta garestia da. Era berean, kutsagarria da ekoizpen-prozesu osoan. Baina hori beste kontu bat da.
Bestalde, parke eoliko txiki eta sakabanatuak eraikitzeak, kudeatzeak eta mantentzeak, kasu honetan bezala, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezin denez bestela izan, beste leku batzuetan baino garestiagoa izan behar du nahitaez. Beraz, askoz ere gutxiago efizientea eta efikaza izango da. Hori ezin da konparatu energia sorkuntzarako egokiak diren eremuekin, non eolikoz ereindako eremu zabal-zabalak dauden, eta, energetikoki eta ekonomikoki errentagarriagoak diren. Instalazioak eraginkorrak izan behar dira, konpetitiboak ere bai. Bestela apaingarri gisa buka lezakete.
Bukatzeko, agian planetarentzat hobe litzateke guk ezer ez egitea, COVID-19aren pandemian ikusi zen bezala. Orduan CO2 gutxiago isuri zen. Gainera, ez da zirkulua ixten. Energia berriztagarriak ez direnen menpekoak dira erabat. Batzuetan hobe da ezer ez egitea zerbait egitea baino, edo gaizki egitea baino. Edonola ere, ulertzen dut sektore eolikoan lan egiten duenaren edo negozioa egiteko aukera duenaren justifikazioa. Baina hori beste kontu bat da. Agian honek guztiak behar du beste errepasoa ematea.