Olinpiar Jokoetan egon naiz, atletismoko azken eguneko probak ikusten. Stade de Francen sartzearekin batera, zirrara batek zeharkatu ninduen; paregabea zen ikuskizuna. Berehala, munduko atletarik onenen ahala eta kemena hurbiletik ikusi eta sentitu ahal izan nituen, baita haien emaitzez gozatu ere. Harrigarriak gaur egungo kirolarien azañak! Eta zer esanik ez lehengoenak; Javier Sotomayor kubatarraren 2’45 metroko jauzia, esaterako.
Kirol balentriez harago, sentipen goxoa eragin dit kirolarien senidetasun jarrerak: amaieran adeitsuki besarkatzen dute elkar, eta irabazleak zoriontzen. Are bereziagoa suertatu zait ikusleen senidetasuna. Gogotsu txalotzen dira kirolari arrotzak, baita norberaren herrialdekoei irabazten badiete ere. Ederra da estadioan nabari den espiritu olinpikoa. Atsedenetan olatua egiten ere aritu ginen mundu guztiko ikusleak batera. Olatu baikorra eta pozgarria. Nork bere lurraldeko kirolariak animatzeaz gain, ikuskizunaz gozatuz eta irabazleak zorionduz denok arratsalde ederra partekatzea ez al da ederra mundu aldrebes honetan?
Domina banaketaren ondoren, ikusle guztiak zutitzen ziren, eta isildu, irabazlearen herrialdeko ereserkia errespetuz entzuteko. Ni ez, nire nazioko kirolariek ez baitute parte hartzeko eskubiderik, herri izaera eta parte hartzea eragozten diguten estatuetako baten izenean ez bada; hamaikatxo herriren patua horixe. Espiritu olinpikoan eta ikusleen sentipen eder horretan, ordea, ez du lekurik nazio ukatuekiko kontzientzia ñimiñoenak ere.
Burutik pasatu zait motxilatik ikurrina atera, estadiora jauzi egin, eta trapua jasota bira osoa ematen ahalegintzea. Tamalez, munduko ikusleen irudiko, ekintza horrek ez luke batere espiritu olinpikorik, eta, hortaz, ez luke ezer askotarako balioko. Estadioko mikromundutik gure etxera etorrita ere, zenbatek ote dute Euskal Herrian bertan herri zapalduko herritar izatearen kontzientzia? Ez ote dugu hortik hasi beharko?
Aipatzekoa da, dena den, munduko askotariko errefuxiatuez osatutako taldeak hirugarrenez hartu duela parte, inongo herri edo estaturi ohorerik eskaini ezin izan badiote ere. Aldi berean, errusiarrei ez diete parte hartzen utzi; bai, ordea, Israeli. Olinpiaden azken egunean, Gazako beste ospitale bat bonbardatu du, ehun pertsonatik gora erailez; dagoeneko 40.000 pertsona hil ditu azken hamar hilabeteotan. Halaber, han izan dira sahararrak zanpatzen dituen Maroko, etorkinak itsasoan itotzen uzten dituzten estatuak, herritarrei giza eskubiderik oinarrizkoenak ukatzen dizkieten beste hainbat estatu... AEBek ere beti hartu dute parte, Errusiak egin duen antzera hainbat herrialde inbaditu eta suntsitu izan dituztenean, baita gaur egun ere, kubatarrak pobrezia larrira kondenatzen dituztenean.
Beraz, olinpiar senidetasunari badario halako ustel usain mingots bat... Adibide bakarra aski, agerian uzteko faltsua dela ereserkiekin aldarrikatzen den estatuen loria. Gizonezkoen jauzi hirukoitzean hiru kubatar izan ziren podiumean. Hirugarrenak Italiari eman zion brontzezko domina. Bigarrenak, Portugali zilarrezkoa. Eta lehenak, urrezkoa Espainiari. Hirurek egin zuten ihes goi mailako kirolari egin dituen herrialdetik, hainbeste urtetako blokeo basatiaren ondoren bizi maila eskasean bizi diren herrikideen ondotik. Herrien arteko zer senidetasun islatzen du egoera horrek? Zer errespetu merezi du irabazle horien aitzakian estatu ostalariak mundu guztiaren aurrean jasotzen duen ohorezko ereserkiak?
Hori gutxi eta, dominen banaketari begiratuz gero, AEB eta Txina ikusten ditugu beste guztien gainetik, hurrengoaren domina kopuruaren bikoitza baino gehiago baitute. Zeren erakusgarri da hori? Eta zer sustatzen du?
Lehiaketa bukatu ondorengo une hunkigarrian, Gloria Gaynorren I will survive ahots bakarrez abestu zuen estadio osoak. Zeinen ederra izango zen, munduko herri guztiak bertan balira. Zeinen ederra, gerrarik eta blokeorik gabeko herri libreak balira guztiak, pobreziarik eta goseterik gabekoak. Zeinen ederra, herrialde guztiak bagina benetan aske, kapitalismo basatiaren eta multinazional boteretsuen mendekotasunetik libre.