Esperientziaren Gelak Euskaraz Ere plataformaren izenean

Esperientziaren gelak euskaraz ere

Marije Manterola Iribar eta Ander Trigos Urturi
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

1996-97 ikasturteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak urtero eta arrakasta handiz, 55 urtetik gorako 50 lagunentzako Esperientziaren Gelak deituriko ikastaroak antolatzen ditu, beraietan parte hartzeko inongo titulurik eskatu gabe. 

Ikastaldia bi fasetan gauzatzen da. Lehenengoak lau urteko iraupena du, eta, haren bukaeran, ofiziala ez den eta lan mundurako baliorik ez duen Giza Zientzietan Unibertsitate Tituluabanatzen da. Bigarrena, Helduentzako Unibertsitate Ikastaroak, hiru urtekoa da, eta, berau egin ahal izateko, arestian aipaturiko tituluaren jabe izan behar da. Azken ikastaro horrek EHUko zenbait gelatara joateko aukera ematen du, entzule gisa soilik. 

Urteko jarduna bi lauhilekoetan banatzen da, eta bi ikasgai mota dauzkate: derrigorrezkoak edo tronkalak, eta hautazkoak. Urtean 18 ikasgai tronkal lantzen dira, denak gazteleraz, eta eskaintzen diren 24 hautazkoetatik ikasleek aukeratutakoak. Hor, hiru baino ez dira euskaraz ematen. 

Hizkuntza-datuei erreparatuta, lasai asko esan genezake ikastaroetan euskarari emandako tokia eskasa dela; hutsaren hurrengoa, alegia. Ulertzekoa da hasiera hartan ia dena erdaraz egitea, euskaraz irakurtzen eta idazten ondo moldatzen ziren 55 urtetik gorako pertsonak gutxi izango zirelako. Baina geroztik gauzak errotik aldatu dira, eta egun asko dira euskaraz eskolatutakoak. 

Hainbat ikasle taldek ikastaroak euskaraz ere emateko eskatu izan dute, baina arduradunek azken eskaerari ezezko batez erantzun diote, inongo argibiderik eman gabe. Agian eskaeraren atzean oinarri sendorik gabeko talde txiki bat dagoelakoan. 

Horiek horrela, aurten hainbat ikasle, ikasle ohi eta euskaltzalek Esperientziaren Gelak Euskaraz ere izeneko plataforma eratu dugu, helburu garbi batekin: aipatu ikastaroak euskaraz ere egin ahal izatea. Eta berriro egingo dugun eskaera aintzat hartua izan dadin, euskal komunitatearen laguntza behar dugu. Euskalgintzako taldeena ez ezik, herritar arruntena ere bildu nahi genuke, egitasmoa jende askok begi onez ikusten duela antolatzaileei ikusarazteko. Beraz, plataformaren asmoekin bat baldin bazatoz, irakurle, eman izena mezua jaso eta bi asteko epean helbide honetan: https://forms.gle/TEJbgUNG5RtRNMdK8. Hala egiten baduzu, biziki eskertuko dizugu. Eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko gaituzu: [email protected].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.