ZUZENDARIARI

Espainian 1936an ez zen gerra zibilik izan

2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Botereak 1936-1939ko gerra zibila kontzeptua hedatzen du hedabide, zinema, eskola eta pulpituaren bidez. Dio Espainia bi frontetan banatuta zegoela, eta zein gailenduko zen erabakitzeko euren arteko gerra zibilean murgildu zirela. Eta gezurra da. 1936ko uztailaren 17an estatu kolpea egin zuen armadaren zati batek Espainiako Errepublika, hau da, herrikideek 1931n hautatutako sistema politiko zilegia uzkailtzeko asmoz. Urte hartako apirilaren 14ko udal hauteskundeen emaitza zela eta, errepublika aldarrikatu zen, eta Alfontso XIII. erregeak Espainiatik irtetea erabaki zuen. Jarraian, errepublikaren garaian, hauteskundeak irabazten zituztenek gobernatu zuten, batzuetan ezkerrak eta beste batzuetan eskuinak.

Espainian kolpistek (armadaren zati bat, monarkiko, karlista eta falangisten laguntza zuelarik) ia hiru urte behar izan zituzten errepublika uzkaili eta diktadura militarra ezartzeko. Espainiako armadak errepublikaren zilegitasuna defendatu zuen estatu kolpearen aurka, eta erakunde politiko eta sindikal batzuek ere bat egin zuten borondatez defentsarekin, «miliziano» bihurtuz.

Gerra zibila bestelakoa da, adibidez, 1833-1840ko lehen karlistada. Fernando VII. erregea semerik gabe hil zenez gero, krisi bat sortu zen; liberalek Isabel haren alaba koroatu nahi zuten, eta karlistek Karlos haren anaia. Krisi hura, azkenean, bi bandoen arteko gerra bilakatu zen, gerra zibila. 1936ko estatu kolpearen ostean, aldiz, garaileek atxilotu, torturatu, lapurtu eta erail egin zituzten errepublikaren aldekoak izatea leporatzen zitzaien guztiak, norbaitek egun batean kalean bere herriko zinegotzi bati agur egin bazion ere.

Espainian 1936an ez zen gerra zibilik izan, estatu kolpea baizik. Botereak gezurra esaten du beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.