Idazlea

Espainia, zibilizazio europarraren deformazio groteskoa

2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Ez dira nire hitzak, nire egiten ditudan arren, baizik eta Valle-Inclán-enak. Ramón María del Valle-Inclán idazle galiziarrak (1866-1936) duela ehun urte argitaratu zuen Buhame-argiak (Luces de Bohemia, jatorriz) antzezlanaren behin betiko bertsioa. Hasieran España astekarian argitaratu zuen atalez atal, 1920ko uztailetik urrira bitartean. Gero, 1924. urtean hain zuzen ere, zuzenduta eta hiru eszena erantsita eman zuen argitara behin betiko bertsioa. Hori horrela, Buhame-argiak: Esperpentoa hamabi atal izatetik hamabost izatera pasatu zen.

Mendeurrenaren kari, ongi legoke antzerkigintzaren obra nagusi hori berriz ere aztertzea eta irakurtzea, adibidez, honako hau: «Espainian meritua ez da saritzen. Lapurtzea eta lotsagabea izatea saritzen da». Esku zuriko lapur, iruzurgile edo bankari bat hiltzen denean, panegiriko anitz egiten diote eta santu izateko bidean jartzen dute; horixe da espainiar kulturaren beste adierazle garbi bat: Tormeseko itsumutilaren pikareska espainiarren barne muinean daramate eta goretsia da oso.

Beste lagin bat: «Espainian lana eta adimena gutxietsi dira beti. Hemen diruak du agintzen gauza ororen gainetik». Berdin du noiz irakurtzen dituzun lerro horiek; bistadizo bat eman Espainiatik datozkigun albisteei eta Valle-Inclánen baieztapenak betetzen dira behin eta berriz. Horren froga, 2024 urte honi hasiera emateko «Urti very got» (sic) telebista-pertsonaia baten ahotik entzutea esperpento hutsa izan da.

Baiki, Valle-Inclánen baieztapen horiek gaurkotasun handia dute, gaur bertan idatziak balira bezala; hori dute ona obra klasiko onek, ez dutela gaurkotasunik galtzen. Buhame-argiak antzezlanari esperpentoa azpititulua jarri zion Valle-Inclánek; izan ere, Espainia nahikoa esperpentikoa da. Mende bat igarota ere, Buhame-argiak azter, ikus eta ikas dezagun Espainia ordurako jadanik bazela «zibilizazio europarraren deformazio groteskoa»; Ramón María del Valle-Inclánek esana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.