ZUZENDARIARI

Esnearen prezioa jaitsi eta Iparlat mozkinak banatzera?

Gipuzkoako EHNE
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ez da erraza ulertzen esne sektorearen bueltan gertatzen ari dena azken urteetan. Komunikabideetan oihartzunik izaten duten albisterik bada. Esne kuotaren desagerpenaren ondotik espainiar estatuan sorturiko kaosa, esaterako, entzutetsua izan zen, industria askoren gehiegikeriak tarteko etab. Beste batzuk ordea, isilago pasatu ohi dira, gizarteari zer gertatzen den azaldu behar diogu.

Askotan entzun behar izaten dute euskal baserritarrek «krisi» honi hobeto eutsi diotela daukaten antolaketagatik, kooperatiba bat atzetik industriaren gehiengoaren jabe dena, esaldi bati lotuta: «zuek ez kexatu, besteak nola dauden ikusita...».

Has gaitezen linternak pizten. Hasteko, arrazoia eman behar zaio «hobeto» esaten duenari estatu mailan ikusi ditugun egoerak ikusita, baina «hobeto» eta «ondo» egotearen artean aldea dago. Inguruan baserri txikiak ditugu, lurralde menditsuan egiten dugu lan, eta senitartekoen laguntzari esker egin izan dugu aurrera. Motzean esanda, litroko kobratzen den prezioa nahikoa al da ditugun ekoizpen kostuak ikusita? Datuek ezetz diote. Beraz, «ondo» egotera iristeko, badakigu norantz jo. Bestalde, eta gaurko gaian sakonduz, Iparlati heldu behar zaio. Teoriak dio ideala dela, baserritarrak kooperatiban antolatuta esne salmenta bateratua egiteko eta zikloa ixteko industriaren jabetza izatea. Teoriak eta praktikak aldea dute, ordea. Esan bezala, baserritarrena da industriaren gehiengoa (ez gehiengo osoa), eta Jaurlaritza, Caja Rural eta Laboral Kutxa akziodunak dira. Nola ulertzen da, esne prezioaren jaitsiera eta orain mozkinak banatzeko asmoa izatea? Logikak dio, enpresa bideragarri izanez, ahalik eta preziorik handiena baserritarrei esnearekin ordaindu behar zaiola, banatzeko adinako irabazirik sortu ez arren.

Banaketa hori egitean, kooperatibak bere zatiaren arabera kobratuko du, baina nora joango da diru hori, baserritarrengana edo egiturak irentsiko du? Askotan gertatu moduan, gure gehiengoak eta jabetzak birtualak dira. Informazio gehiago iristen zaio jabe den baserritarrari zurrumurru bidez boletin bidez baino eta azkenean, aginpidea ez dago gure eskuetan, erabiliak gara.

Bidezkoa baserritarrak esnea saltzetik bizitzeko behar adina jasotzea da, eta horretarako ditugun egiturek, baliabideek eta abarrek ahalik eta era gardenenean funtzionatu beharko lukete baserritarrekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.