Azken boladan espainiar justiziatik jakitera eman diren epaiek jendartea asaldatu dute. Bortxaketak, Altsasu, Katalunia, Kalera, Ustelkeria... «Adituak» aztoratuta dabiltza; baten batek bere interpretazioa plazaratu du prentsaren bidez. Salbuespenak salbu, gehienak motz geratzen dira, ondorioei heltzen baitiete eta ez mamiari. Egun Justizian dauden lohiak ez dira oraingoak, aspalditik datoz. Diktadorea hil zen, baina bere erregimen politikoa ez. Trantsizio faltsu baten bidez oinordetzan utzi zuen utzi behar zuen guztia, dena ondo lotuta utzi ere. Egun, 78ko erregimenaz hitz egiten hasi da, tranpa bat izan zela, engainatu (behartu) gintuztela... esanez.
Bestalde, estatu espainiarrean justiziaren organoetan alderdi politikoek esku hartze zuzena dute (baita EAJk eta bere garaian CiUk ere). Ondorio garbia dauka honek. Gobernuak prentsaren laguntzaz delitua asmatzen du, poliziak frogak asmatzen ditu eta epaileek epaia asmatzen dute. Espainiar sentitzen ez garen eta independentziaren alde borrokatzen garen guztiok terroristak gara haientzat eta horregatik zigortzen gaituzte; aldi berean, politikari ustelak, polizien larderiak, faxistak... lasai ibiltzen dira. Hortik dator arazoa. Beraz, Espainiarentzat gu etsaiak garenez, etsaiaren zigor zuzenbidea aplikatzen digute. Baina hau ez da kontu berria; Euskal Herrian lege antiterroristaz (EAJren eta CiUren laguntzaz) sektore borrokalarienari, lehengo ezker abertzaleari hasiera-hasieratik aplikatu zioten zuzenbide hori; eta gero alderdi politikoen legeaz; eta orain mozal legeaz. Euskal preso politikoen sostenguaren kasua agerikoa izan da. Haiekiko elkartasuna zigortu dute, nola eta abokatuak eta bestelako militanteak gezurra esatera behartu dituzte, espetxera joan ez daitezen. Kontrakoa dugu Altsasu eta Kataluniako kasuak, egia esatearren, espetxera joan dira. Hauen duintasuna! Askoren isiltasunaz eta beste batzuen konplizitateaz, elur-bolatxo hura elur-jausi bihurtu da orain eta Estatu espainiarrean injustiziak zabaltzen segitzen du eta gero eta sektore gehiago zipriztintzen du. Bitartean, oraingo sotanarik gabeko apaiz berriek (hainbat etikologok, politologok, soziologok, politikarik...) herriari etengabe elkarbizitzaz, indarkeriarik ezaz, demokraziaz... eta halako predikuz betetzen diote burua, isilik eta meneko egon dadin.
Herri batek zer nahi duen libreki erabakitzeko eskubidearen gainetik ez dago ez legerik, ez konstituzio demokratikorik; beste guztiak inposizioa, injustizia eta zapalkuntza dakartza. Ezin da baldintza hauetan elkarbizitzarik erein, horrek zapaltzailea zuritu eta zapaldua zigortzen duelako. Areago, Espainiako botereentzat (eta herritar espainiar askorentzat) elkarbizitzarako eredu bakarra denok espainol izatea da; ez dute bestelako elkarbizitzarik nahi. Hori onartzen ez duena terroristatzat edo gorroto-sustatzailetzat hartzen dute eta espetxera doa. Biolentziarik gabe dena posible delako mezua, desobedientzia zibil eta ekintza baketsuen mezua erori zaizkie: orain hori guztia ere delitua da. Hauxe da Espainiaren benetako aurpegia, bere menpean dauden nazioak libre utzi arte demokrazia izango ez dena. Eta hauxe da katalanek eta euskaldunok argi eduki behar duguna.
ZUZENDARIARI
Eskubideak vs espainiar justizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu