Orkoiengo Euskaltzaleak taldearen izenean

Eskubidea ala pribilegioa?

Aitor Zandueta Criado
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Egunotan sare sozialetan ezagunak egin dira Orkoiengo PSNko alkateak egindako adierazpen euskarafoboak. Trending egin diren adierazpenotan pribilegiotzat hartzen du alkateak haur euskaldunek euskarazko zein gaztelerazko ludotekan parte hartu ahal izatea, erdaldunek gaztelerakoan bakarrik parte hartu dezaketelako.

Baina ez gaitezen hitzetan galdu, larriagoak baitira alkate honen ekintzak. Izan ere, Orkoiengo euskaltzaleok abendutik ari gara lanean 2009an aho batez onartutako (PSN barne, bai) eta ordutik orkoiendar guztion hizkuntza eskubideen berme izan den Euskararen Ordenantza hustu ez dezan. «Ahal den heinean» bezalako makulu-hitzak erabiliz edo artikuluak osorik kenduta, euskarak gure udalerrian presentzia izatea, bizilagunak euskaraz informatuak eta artatuak izatea edota haur eskolako, kirol eta kultura jardueretako euskarazko eskaintza ez litzateke bermatuta izango, besteak beste. Hau guztia dela eta, abenduan 300 proposamen baino gehiago erregistratu genituen udalean alkateak bultzatutako ordenantzari ezezkoa adierazteko. Sinadura bilketa bat ere jarri dugu martxan eta datorren urtarrilaren 27an eguerdiko 12etan herriko pilotalekutik abiatu eta udaletxe plazan ekitaldi festibo batekin amaituko den manifestaldi batera deitu dugu. Zatoz eta adierazi diezaiogun alkateari euskara orkoiendar guztion altxorra dela. Mende askoan baztertua eta diskriminatua izan delako, orain zaindu eta babestearren, guztionak diren hizkuntza eskubideak bermatuko dituen ordenantza ezinbestekoa dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.