Arrazoi osoa du Xabier Zabaltza historialariak (BERRIA, 2014-2-19an), Eskoziak ez duela gure eredua izan behar aipatzen duenean. Bertako hizkuntzari hain garrantzi gutxi ematen dion proiektu independentista lekutan dago euskal abertzaletasunak hartu beharko lukeen eredutik. Ez dakit datorren irailean zer bozkatuko duten eskoziarrek, baina independentziaren hautuak irabazita ere, Estatua lortuko dute, baina Nazioa galdu. Irlandan bezala, Naziorik gabeko Estatua osatuko dute, hizkuntzarik gabeko Herria, funtsean Ingalaterrako nortasuna eta identitate etno-linguistikoa izango duena.
Adibide egokia da berresteko nazionalismoaren teorikoek diotena: hizkuntza da naziotasunaren oinarria, «gutasuna» ematen diguna. Hitz egiten duguna baikara, teoriko alemanek —arrazoi osoz— gogoratzen digutenez. Abertzale naizen aldetik, Nazioa —hizkuntza, alegia— baztertzen duen Estaturik ez dut gogokoa. Euskal Herriak, euskararen Herriak, erreferentzia erakargarriagoak ditu munduan, Estatua izan nahi duten nazioen artean: Katalunia, Flandria, Gales edo Quebec, esaterako. Eskozia ez da eredua.
Zuzendariari
Eskozia ez da eredua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu