ZUZENDARIARI

Eskolan zergatik segregatzen dituzte haur euskaldunak?

Erkuden Barandiaran eta Irune Soto.
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Arnas Dezagun ekimena etsipenetik sortu zen. Arazo partekatu batetik. Gure seme-alabak gune erdaldunduetako D ereduan eskolatuta genituen, Bilbon, Gasteizen, Sakanan, Iruñerrian..., eta kasu guztietan, maila bereko bi gela edo gehiago izanez gero, haur etxetik euskaldunak gela ezberdinetan sakabanatzen zituzten, baita bizpahiru haur euskaradun baino ez zirenean ere! Hala, euren artean euskaraz jarduteko aukera ukatu zaie, eta kolpetik jakin dute, D ereduan bertan ere, ikasteko bai, baina beste jarduera guztietarako gaztelera erabili behar dela, sí o sí, Hego Euskal Herri delako honetan. Ikaskide batzuen aldetik, euskarafobia ere dastatu dute.

Gure haurrek D ereduan bertan ikasten dute azkar, zein den hizkuntza nagusia eta zein menpekoa, eta, euskaraz egiteko eskatzen zaien arren, horretarako trabak eta oztopoak ezartzen zaizkiela euskal eskolatik hasita, sarea zein den ere.

Arnas Dezagun-en bildutako familiok, behin eta berriz eskatu genien ikastetxeoi haur euskaldunak ez sakabanatzeko, euren artean sikiera, euskaraz jarduteko aukera izan zezaten. Kasu guztietan ezezko biribila jaso genuen zuzendaritzen aldetik, salbuespenik gabe. Eta Arnas Dezagun ekimena antolatu genuen, oso oinarrizko eskari baten inguruan: eskolan haur etxetik euskaldunak ez sakabanatzea.

Proposatzen dugu, haur euskaldunak, gaztelera etxetik ez dakarten haur erdaldunekin batzea (afrikar, europar, asiar...), kanpotik etorritako haurron inklusioa euskaraz ere gerta dadin, eta ez gaztelera hutsez orain arte bezala... Ez gaude ba Euskal eskolan? Eta proposatzen dugu, etxetik euskara ez dakarten haur guztiei, bertoko nahiz kanpoko, euskara lehenbailehen menpera dezaten baliabideak eskaintzea, besteak beste, bestelako ikasgaiez behar bezala jabetzeko ere ezinbestekoa delako.

Euskaltzale askoren babesa jaso dugun arren, ikastetxe gehienen aldetik ezezkoak jasotzen jarraitzen dugu. Baita Madrilen menpeko politikari euskaldunen baten eta, harrigarriki, euskaltzaleren baten aldetik ere, gureak ez diren proposamenak ezkutu gisa jarriz. Azken horientzat doa ondokoa, ea ulertzen duten behingoz:

Ez dugu eskatzen haur euskaldunak haur erdaldunekin ez batzea. Eta ez dugu nahi haur etxetik euskaldunak «aparteko geletan bereiztea» edo haurrak «familia-hizkuntzaren arabera bereiztea». Euskal eskolan haurrek euskaraz jardun ahal izatea bermatzea eskatzen dugu, horretarako arnasguneak eratzea, eta jakina, inor ez segregatzea. Euskaldunak ere ez, aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.