Hondarribia

Eskola kirola ala eskola kultura?

Yera Laka Gartzia
2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

«Herri guztietan eskola kirola dagoen moduan eskola kulturak ere egon beharko luke» (Porrotx, 2024).

Kultura da gure herriaren nortasuna. Kultura da norbanakoaren nortasuna. Gure herriak badu kultura, badu nortasuna, izan ere, badugu artea: musika, dantza, literatura, antzerkia, zinea...

Garai zailak dira. Kulturaz gozatzeko ikasi behar dugu harengana iristen, guk bilatu behar dugu bidea, lan pertsonala da. Egungo gizarte kapitalista zein kontsumista honetan ez daukagu denborarik liburu bat lasai irakurtzeko, pelikula bat lasai ikusteko, musika lasai entzuteko, antzerkira joateko. Gure denbora librea, mugikorraren barneko sare sozialen sareetan harrapaturik igarotzen dugu, gaur egun, ez dakigu besterik egiten. Gizarte honetan ez digutelako kulturarenganako bidea erakutsi, eta ez digutelako gure kultura baloratzen irakatsi.

Behin entzun nuen «estatubatuartzen» ari garela. Ez dakit hala izango den, baina argi daukat gure kulturarekiko harresi bat eraikitzen ari garela. Kanpotik etortzen zaizkigun influentzietatik influentziatuak izaten ari garelako ahazten ari zaigu zein den gure nortasuna, nor garen, alegia.

Euskarazko marrazki bizidunak ikusten dituzten haurren kopurua nabarmen ari da jaisten. Nahiz eta etxean euskaraz hitz egin haurrek gaztelerazko edukiak kontsumitzen badituzte, erdarara jotzeko ohitura izango dute. Horren adibide argia da eskoletako patioetan gertatzen ari dena, ikastetxeetan haurrak erdaraz hitz egiteko duten joera handituz doa eta erabat normalizatzen ari gara.

Gauza handiak gauza txikietatik hasten badira, zergatik ez dugu abiapuntua haurretan jartzen? Haiek dira gure etorkizuna, horregatik, guk erakutsi behar diegu bidea, gure kulturarenganako bidea, haur bakoitzaren zein herriaren nortasunak biziraun dezan. Porrotxek argitaratu berri den Benetaz zabiz? podcasteko elkarrizketan azpimarratzen duen bezala, «herri guztietan eskola kirola dagoen moduan eskola kulturak ere egon beharko luke». Kulturak gu garenarekin, gure emozioekin eta gure izaerarekin konektatzen gaituelako, hazten eta geure burua ezagutzen laguntzen digulako. Horregatik, beharrezkoa da ikus-entzunezko hedabide publikoetan haurrentzako euskal edukiak eskaintzea, haurrenganako interesa sortzen dutenak eta noski, nortasuna osatzen eta handitzen duten edukiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.