Irakasle erretiratua

Eskerrik asko!

2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Baimenaz. «Ez zitzaizun oso erraza egin ikasturte hasiera. Etxekoen falta asko nabaritu eta gogorra zitzaizun banaketa hori. Urduri sartu eta urduri ateratzen zinen gelatik. Pixkanaka elkarrekin konfiantza hartzen hasi ginen eta segurtasun falta hori lantzearekin batera aldaketa handia izan zenuen, beste ume bat ikusten hasi ginen, eskolako egunerokoaz disfrutatzen hasi zena. Orain irribarre handi batekin agurtzen gaituzu eta jolasteko irrikaz sartzen zara. Lagunen presentzia gustuko duzu eta gustura ibiltzen zara alde batetik bestera zure jolasean, baina edozein une aprobetxatzen duzu guregana hurbiltzeko eta gure mimoak jasotzeko. Ze gustuko dituzun kilimak! Ez duzu eskolan bazkaltzen, baina argi erakutsi diguzu jatea gustuko duzula eta fundamentua duzula, mahaiaren aurrean presente baitzaude beti zerbait eroriko ote den esperantzarekin. Hurrengo kurtsoan asko disfrutatuko duzulakoan gaude! Lotarako ere zer esanik ez, lasai geratzen zara eta batzuetan sehaskan egotea eskertzen duzu, nahiz eta azkenaldian gutxiago behar izan. Mugimendu aldetik mantso eta tentuz ibili zinen hasieran, baina ibiltzeko lorpena eskuratu zenuenean segurtasun handia hartu zenuen eta honek gelako altzariei eta espazio guztiari etekina ateratzeko aukera eman zizun. Kolpe gutxi hartu dituzu, nahiz eta aurkitzen dituzun altuera guztietara igo, mugimenduak ondo kontrolatzen dituzun seinale. Oso haur alaia zara, begiradarekin eta irribarrearekin dena adierazten diguzu. Kontu kontari eta bakarrizketan ikusi zaitugu azkenaldian. Ederki ulertzen gaituzu eta ederki ulertarazten dituzu gauzak zure keinu txikiez. Zure izaera ere atera duzu une batzuetan eta zerbait gustatu ez zaizunean argi utzi duzu, negar edo oihu bitartez. Abestiak asko gustatzen zaizkizu eta arreta handiz entzuten dituzu, baita erritmoari jarraituz dantzan ibili ere». Irakurle estimatua, hau irakurtzean, aitonak, nik, malkoak lehortu behar. Lerro hauek idatzi dituzun horri, bi muxu oso laztan samurki. Eskerrik asko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.