Ohar honen bidez, eta zinez hunkituta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariok eta teknikariok zein administrazio-langileok gure eskerrik beroena adierazi nahi dizuegu. Ohore handia izan da hiri eder honek aitortzen duen saririk goren eta garrantzitsuenaren hartzaile izatea. Beraz, eskerrik asko, bihotzez, donostiar hiritarrei, agintariei eta gure zaleei, hain goxo hartu gaituzuelako eta zuen guztien estimua eta babesa erakutsi diguzuelako sari kuttun honen bidez.
Egin diguzuen aitorpena, alabaina, ez dugu helmugatzat jo nahi; alderantziz, gure emanaldietan, apaltasunez hobetzeko bidean, abiapuntu eta pizgarri da guretzat; izan ere, orkestra osatzen dugun kide guztion konpromisoa erabatekoa da bide horretan. Gure lanabesa ez da hitza, musika baizik. Horregatik, Donostiako eta Euskal Herriko herritar guztiek gure lanaz gozatzen jarrai dezatela eta euren txalo zaparradaz erantzun diezagutela desio dugu. Gaur, ordea, gure esker oneko txaloa zuentzat guztientzat da. Mila esker.
Zuzendariari
Eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu