Adunako Udalak, Adunako talde eta elkarteek eta herritarrek esker ona eta egindakoaren aitortza egin nahi diogu Joxan Lizarribarri, eta elkartasuna adierazi nahi diegu familiakoei eta lankideei, une gogor hauetan.
Asko azpimarratu dira Joxanek BERRIAn eta beste zenbait tokitan euskararen sustapenaren alde egindakoak. Horren lekuko izan gara, eta ikusi ditugu, horietan ez ezik, Refractarios Kelsen enpresan ere euskara sustatzearen alde egin dituenak: Euskara Batzordea osatuz, enpresako idatziak euskaratuz, langileen artean euskararen aldeko motibazioa bultzatuz... Eredua emanez, argi erakutsi digu euskaraz lan egin daitekeela, nahiz eta kate bateko lantegia izan eta kanpokoekin asko lan egin behar izan. Adunako Udalak lan munduan euskararen erabilera bultzatzearen alde egin zuenean, elkarlanerako prestutasuna azaldu zigun.
Biziki eskertu behar diogu kultura eta kirola bultzatzearen alde egin dituenak. Herriko talde eta elkarteek beti jaso dute haren laguntza ekintzak antolatzeko, Gorostidi Harria eta antzeko ekimenak egiteko, abian jarri den Txulobi pilota elkartea sortzeko... Ez dugu ahaztuko herriaren alde egindako guztia.
Gogoan izango dugu, halaber, herritarrak kontuan izatea langileak kontratatzekoan. Estimatzekoa da jarrera hori.
Eredugarria izan zara guretzat, eta jarrera ireki eta abegitsuarekin hartu gaituzu beti. Asko ikasi dugu zugandik, eta umezurtz geratu arren, ea zuk landatutako hazia indartzea eta behar bezala zaintzea lortzen dugun denon artean.
Zuzendariari
Eskerrik asko, Joxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu