ZUZENDARIARI

Eskerrik asko, 'Egan'

Jose Manuel Bujanda Arizmendi.
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiogu bihotzez eta bene-benetan Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Egan literatura aldizkariaren erredakzio kontseilu osoari, geure aitaren (Felix Inocencio Bujanda Sarasola, Inosen) inguruko liburua argitaratzeagatik, Ez dago, ez, idatzia izenburuarekin. Inosen 1915eko urtarrilaren 16an jaio zen, Donostiako Antiguako auzoan; sei seme-alabatan bigarrena, Fortunato zuen aita, Luisa ama. 1936ko gudan Inosen bera eta bere bi anaiak, Benito eta Gerardo, Eusko Gudarostean, EAJko Saseta bataloian hain zuzen, gudari bezala borrokatu ziren, arrebak gerrako haur gisa erbesteratuak egon ziren bitartean. Inosen Santoñan preso hartu zuten, anaia Gerardorekin batera; ordurako anai zaharrena, Benito, Lemoako mendietan hila zen aurrez aurreko borroka zuzen eta krudelean erreketeen aurka.

Santoñan eta Puerto Santamarian preso urte askoan egon ondoren, kaleratu eta euskal erresistentzian jarraitu zuen. Añorgako Xixili Arizmendi Etxenagusiarekin ezkondu zen, 1950. urtean, eta hiru seme-alaba izan zituzten, Jose Manuel, Arantxa eta Juan Ramon. Inosen, gure aita, autodidakta izan zen, jakituna, serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, kultua, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Beragatik, bai, esan daiteke eta ondo esan ere Izan zirelako gara. 98 urterekin hil zen, burua guztiz argi zuela.

Azken urteetan idatzitako hainbat orrialde aurkitu genizkion seme-alabok, eta guztiak traskribatu, txukundu eta bere omenez aurkeztu ditugu Egan aldizkarian. Aurkibidea nahiko adierazgarria da geure aita Inosenen bizitza, gogoetak eta hausnarketak jakin eta irakurri ahal izateko: Pausoka, Mitoak, Utopia, Gezurretan,Bikaintasuna, Planeta eta Ez dago, ez, idatzia gaiak jorratzen ditu 147 orri guztiz interesgarritan zehar. Milesker, beraz, hunkituta, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari, Egan bere literatura aldizkariaren eskutik argitara, hauspoa eta bizitza beraz, emateagatik. Nire izenean, arreba Arantxaren, anaia Juan Ramonen eta, nonbait, han urrunean, denborak eta espazioak bat egiten duten eta eternitatea deritzon horretan, handik, hemendik edota hortik egon daitekeen gure aitaren itzalaren izenean ere esker mila, adeitsuki.

Amaitzera noa. Liburuak azpititulu berezi bat darama: Herren arriskutsu eta gafadun baten gogoetak, eta argibide moduan esan dezadan geure aitaren polizia frankistaren fitxa honelakoa zela: «Rojo separatista, cojo, peligroso y con gafas», geure aitak umoretsuki askotan esaten zuenez: «Herrena naiz bai, eta gafaduna baita ere, eta arriskutsutzat jotzen banaute polizi frankistek, ba hori ohore handi bat da niretzat, eta mailaz goreneko harrotasuna sorrarazten dit». Inosen, demokrata eta abertzale fina, zubigintzan sinesten zuen gizon konprometitua zen, Euskadi batu eta osatua zen euskara bihotzean zeraman Ainguako seme honen helburu politikoa. Euskal lurra arin bekizula, aita. Ez adiorik, Herri txikien egun handira arte baizik. Eta, aita, lasai zagoz, Katea ez da eten, ezta etengo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.