Bart ertzainak sartu dira nire eskolan. Zertara? Herri Unibertsitatea aldarrikatzen ari ziren ikasleak identifikatu eta, haien borondatearen kontra, kanpora ateratzeko. Horretaraino albistea, bihotzaren muineraino mindu nauena.
Gogoan dut oraindik Unibertsitatea ideien eta protesten aterpetxe zen garaia. Ez ditut sekula ahaztuko Leioako campusean eginiko protestak, campusaren barruan inolako jazarpenik jasan ez zutenak. Zenbat holako ez ote ziren izan joan den mendeko laurogeiko hamarkadan! Unibertsitateko eremua babeslekua zen. Erdi Arotik zetorren tradizioaren bidetik, elizak babesgune ziren era berean, edo enbaxadak aterpe (gaur egun Assange lekuko). Ertzainak sarrerako atetik kanpo geratzen ziren. Tabua zen; debeku onartua.
Irakasle despedituokin eten zen tradizioa. Goiriena errektorearen garaian hautsi zen katebegia. Ertzainak jaun eta jabe bihurtu ziren, nagusi, kolpeak eta detentzioak noiznahi banatuz lau haizeetara, zinpeko guarda militarizatuen laguntza estimagaitzaz.
Noiz berreskuratuko ote du gure unibertsitateak ideien askatasuna babesteko zentzuna?
Edozelan ere, agintariek jakin behar lukete ezen historian zehar unibertsitatean sortu diren ideia askatzaileak protesta bidez abiatu zirela eta erreprimituak izan zirela hasieran, eta lehenengo unean ikasleen aurkako erasoek ideien hazi berriak birrindu eta etorkizuneko arbolaren kimu emankorrak inausten dituzten arren, beti sortuko direla hazi eta kimu berriak ideia horiek kemen berrindartuz defendituko dituztenak. Zer urrun dagoen EHUren «eman ta zabal zazu» lelo sinbolikoa!
Neure elkartasunik beroena eta besarkadarik bihozkorrenak atzo eskolatik kanpo indarrez ateratako ikasleoi.
ZUZENDARIARI
Ertzainak Bilboko Ingeniaritza Eskolan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu