ZUZENDARIARI

Errusiaren mitoa

2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Abuztuaren 27an Patxi Zabaletak egunkari honetan argitaratutakoGerraren aurka bakezaletasuna artikuluaren harira iruzkin batzuk egin nahi nituzke. Lehenik, Zabaletak eufemismo bat erabiltzen du: gerla zerbait inpertsonala da, baina inbasioa gertatu da, norbaitek (Errusiak) eragin du; zerbait ezkutatu nahi du. Oso zaila da idaztea Errusiaren inbasioaren aurka bakezaletasuna. Inbasio batean gutxi dago negoziatzeko, inbaditzailearen helburuak hauexek dira: Ukrainako lurrak eta portuak konkistatzea eta Kieven gobernu errusiazalea jartzea.

Errusiaren mitoa oraindik bizirik dago. Beren burua ezkertiartzat jotzen duten batzuengan mito politikoa dabil: alde batetik, Amerikako Estatu Batuen aurka aritzen den ororen alde egon behar dugu, inperialismo bakarra delakoan. Bestetik, guk buruan daukagu argazkia: 1936ko gerlan, Valentziako portuan Sobiet Batasunetik armak ekartzen zituen itsasontzia horrela agurtzen zuten: «Viva Rusia» (ez Sobiet Batasuna). 1936ko gerlan bakezaletasunak eragina izango ote zuen, Francoren erasoaren aurrean? Frantziaren eta Erresuma Batuaren jarrera nolakoa izan zen? (agian norbaitek bakezale deitu zien).

Inperialismo errusiarrak oraintxe bertan azken tsarren Romanov familiako eta Sobiet Batasuneko iturrietatik edaten du. Guretzat Errusia urrunegi dago: abesti zirraragarriak, Putin presidentea eta gas asko dutela, eta gutxi gehiago dakigu, baina galdetu Europako Ekialdean nolako txantxak egiten dituzten. Honekin kritikatu nahi dut Zabaletak eta bestek Moskuren esaldia errepikatzea: «NATO handitu eta gehiago hedatu eta indartzeko ahaleginak». Zergatik ez begiratu Ekialdeko Europaren begiekin, zer pentsatzen duten NATOn bere kabuz sartu diren herrialdeek...

Hurbileko historiari begirada arin bat eman diezaiogun. 1939ko abuztuaren 23anRibentrop eta Molotov atzerri ministroek elkarri ez eraso egiteko ustezko paktua sinatu zuten, Hitlerren eta Stalinen izenean, baina ezkutuko klausuletan Ekialdeko Europa elkarrekin banatu zuten bi estatuek. Teknikoki aliatuak ziren 1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia inbaditu zuenean. Stalinek pentsatu zuen Finlandia berriro okupatu behar zuela (1917ra arte tsarren inperioan zegoen). Finlandiarrek armekin erantzun zioten eta gerla horretan zatitxoa galdu zuten finlandiarrek. Bakezaleen parte hartzearen informaziorik nik ez daukat.

Errazago izan zen Sobiet Batasunarentzat Baltikoko estatuek 1917an lortu zuten independentzia deuseztatzea. Poloniaren zati handia ere harrapatu zuen Stalinek, eta bide batez 10.000 funtzionario eta armadako ofizial poloniar fusilatu zituzten Katyngo basoetan. Lur horiek gero Bielorrusia eta Ukrainara pasatu ziren. Errumaniak Besarabia eta Moldavia eman behar zizkion Sobiet Batasunari. Gero Stalinen urteak etorri ziren, Hungaria 1956, Txekoslovakia 1967...

Errusia inperiozaleak edo sobietarrak itsas portuen egarria izan du beti. Begiratu mapan: Koenisbergen alemaniarren garbiketa etnikoa egin ondoren errusiarrez bete zuen, Kaliningrado deitzeko gero. Stalin horretan artista izan zen: Krimeako tartaroak, armeniarrak, greziarrak Erdi Asiara bidali zituen bakarrik errusiarrak utzita Krimean. Eta lurren gosea: 1979-1989 urteetan sobietarrak ez ziren Afganistanera turismoa egitera joan, batzuek inbasioa deitu diote Brezhneven aginduari, eta atzeko atetik atera zituen Gorbatxovek. Hau ez dago ados Zabaletaren artikuluari darion kutsuarekin: errusiarrak garaiezinak direla.

Putinek bere aginte totalitarioari kohesioa emateko elementu batzuk bildu ditu: zibilizazio kristauaren defentsa, «AEBen erasoari» aurre egin, familia tradizionalaren defentsa (barka nazala Tijon artximandritak, Putinen konfesore pribatuak), eta hedatze militarra. Oraingo Errusiak mundu errusiarraren espantsionismoaren profeta asko dauka. Alexander Duginek, eurasianismoaren sustatzaileak, orain hamar urte baino gehiago anabasa eta banaketa Ukrainan zabaltzea eskatzen zion Putini: Ukraina bitan banatu behar zen, eta ekialdekoa utzi Errusiarentzat. Eurasianismoaren alde militaristak errusiar inperioaren mugetaraino iritsi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.