Errenta aitorpena egitera joan naiz BBKra, aurreko batean artikulu batean iragarri nuen moduan, euskaraz atenditua izateko helburua jantzita. Hantxe egon naiz zain, aurrekoek amaitu arte. Neska gaztea ari zitzaien atenditzen, eta esperantza izan dut niri paper batzuk eskatzeko beste jakingo zuela euskaraz. Ba ez! Euskaraz hasi eta berehala esan dit: «En castellano». Ezetz esan diot, nik, euskaraz egiteko asmoa nuela. Hasieran arrazoia duenak jarri ohi duen segurtasun aurpegia jarri eta «no, no, aquí es en castellano!».
Euskaraz esan dizkiot nik neureak lasaitasunari eutsi nahian, eta orduantxe «espera» esan eta zuzendariaren bila joan da. Euskaraz dakien galdetu diot eta, ez dakienez, gaztelaniaz azaldu diot nire «arazoa». Euskarazko telefonora deitu eta bertan eskatu nuela zita. «Akatsa» izan dela esan dit, eta banuela beste leku batean euskaraz egiteko aukera. Iaz ere bulego horretan eta euskaraz egin nuela esan diot, ezin nuela ulertu nola neska gazte hura ez zen niri ezertxo ere euskaraz esateko gai, nolatan kontratatu dituzten Basauriko sei bulegotarako pertsona elebakarrak, nolatan esplikatu behar nien nagusiei beste tarte bat hartu beharko dudala aitorpena egiteko...
Dena onartu dit, arrazoi nuela, eta telefonora joan da. Bihar neska euskaldun bat joango da niri aitorpena egitera (neskaren izen eta guzti apuntatu dit postit batean hitzordua).
Ea pagatzea tokatzen ez zaidan sikira!
Zuzendariari
Errenta aitorpena euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu