Gure desberdintasunei lehentasuna ematen eztabaidatzen badugu, bizitza osoa liskartzen egongo gara. Halere, bateragarritasunei begira jarduten badugu, bizitza osoa lanean egongo gara». Ezbairik gabe, Raul Sendic uruguaitarrak esandakoa neure egiten dut, eta, hauek dira, nire iritziz, orain hamar urtetik honainoko EH Bilduren proiektuaren nondik norakoak. 2010. urtean ortzi-muga, erritmo eta ñabardura ezberdinekiko lau erreik bat egin zuten, eta errei hori zabaltzeko ordua iritsi zelakoan zeuden eragile horiek. Ekintza horrek ekarri zuen egungo alderdia dena: errei zabala, non eragile eta sentsibilitate askotarikoak nagusi baitira.
Hiritarra naizen aldetik, guztiok gizarte honi zeozer eman diezaiokegula pentsatzen dut, eta nik neuk horrela jardun dut banaka zein taldeka nire urruneko lubakitik (zarata askorik egiteke). Beti nire herriko (Barakaldo) eta Euskal Herri osoko gertaera sozialen (baita gure mugetatik at ere) jakinaren gainean egotea gustatu zait, eta, iritzi propioa, justua eta askea edukita, gertatutakoa baloratzen saiatu naiz. Horregatik, oroitzapen onak burura etortzen zaizkit Bilboko Areatzan Auzitegi Konstituzionalak baieztatu zuenean Bildu (geroago EH Bildu) hauteskundeetara aurkez zitekeela. Hortik aurrera proiektu geldiezina eta epe luzekoa ireki zen, eta horrek guretzako eta gure seme-alabentzako etorkizun justuago bat emango zigun. Duda gabe, taldeko lana nagusi izango zen, eta lan horrek iritziak, ekarpenak eta lubakiak hurbilduko zituen, alegia, pertsonarengan oinarritutako proiektua.
Bestalde, guztiok dakigun bezala, proiektu kolektiboak ez dira zuzenak, eta eraginkorrak izan daitezen mugimendua (bihurguneak), freskotasuna, kritika neurri batean eta sormena eduki behar dute, eta egungo EH Bilduk luzez betetzen du, nire aburuz. Gainera, hamar urte igaro eta gero freskotasun horri eusten jarraitzen du, eta horrek esaten dit, batetik, luzerako proiektua dela eta, bestetik, une honetan sano dagoela. Hala eta guztiz ere, ez dago eteterik; hobera egiten eta erreia zabaltzen (jendearengatik lan eginez) segitu behar da. Kontua da urrun dauden lubakiak hurbiltzea eta martxan jartzea eraikitzeko artea, elkarri begiratuz eta entzunez.
Hurbileko jendea, solidarioa, aniztuna, ausarta, eskuzabala, askea, zintzoa eta ameslaria. Azken finean, hori da EH Bildu. Jarrai dezagun lubakiak hurbiltzen eta segi diezaiogun elkarri begiratzen eta entzuten. Zorionak!
ZUZENDARIARI
Erreiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu