Giza Eskubideen Deklarazioaren 26. artikuluan, seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzerakoan gurasoek duten lehentasunezko eskubidea azpimarratzen da. Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 13. artikuluan, agintari publikoek sortutakoez bestelako eskolak hautatzeko gurasoen askatasunari zor zaion errespetua jasotzen da, horrela seme-alabek beren gurasoen sinesmenekin bat datorren hezkuntza jaso dezaten.
Espainiar Estatuaren konstituziora jotzen badugu, 27. artikuluan, botere publikoek gurasoek duten eskubidea bermatzen dutela dio, seme-alabek haien sinesmenekin bat datorren prestakuntza jaso dezaten. Eta pertsona fisiko eta juridikoei ikastetxeak sortzeko askatasuna aitortzen zaie.
Ikastolen 7. batzarrean, Iruñean, adostu zen beren hezkuntza eredua aukeratzen duten familia orori ateak irekitzea, bat etorriz gurasoen eskubideekin.
Hori jakinda, Zarauzko ikastolako azken gertakariek agerian jartzen dute bizi dugun hezkuntza eredu distopikoa. Zortzi familiak beren seme-alabentzat hautatua duten ikastetxea (kasu honetan Zarauzko ikastola) Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak zigortu egin du 140.000 euroko isunarekin, haur horiei atea irekitzeagatik. Zigorrik gabe gelditu dira, aldiz, familien edo gurasoen borondatearen aurka adingabeak beren zentroetan atxikitzeko prest agertu diren edo atxikitzen dituzten ikastetxeak. Halaber, zigorrik gabe utzi dituzte gurasoei ateak itxi dizkieten beste ikastetxe edo ikastola batzuk ere, non gurasoek beren seme-alabak matrikulatu nahi baitzituzten.
Zarauzko ikastolako hezkuntza komunitateari, zortzi familia horien eskubidea eta ikastolaren betebeharra gauzatu duenari, Hezkuntza Sailak jazarri egin dio boterekeriaz; miatu, zelatatu eta zigortu.
Ez sinistekoa da. Aitzakiaz aitzakia, tokian tokiko Administrazioak giza eskubideekiko duen jarrerak agerian uzten ditu bere izaera demokratiko faxista eta diktatoriala; jarrera horrek ispiluaren aurrean jartzen du.
Eta garrantzitsua da gurasoek, guraso gazteek, dituzten eskubideen jakitun izatea, eta garrantzitsua da gurasoak, guraso gazteak bereziki, dituzten eskubideen jakitun izatea, eta eskubideak praktikara eramatea, galdu ez ditzaten.
Eskubideak unibertsalak dira nonahi eta noiznahi. Segregazioak ez dira gainditzen giza eskubideen urraketaz, larriagotu baizik.
Zarauzko ikastolaren erantzuna hemen irakur, entzun eta ikus liteke, baita lagundu ere:
https://zarauzkoikastola.eus/eu/albisteak/2025-01-21-hezkuntza-sailak-jarritako-isunari-erantzuna
Zorionak!