Egun, 80urte ditut, eta, oroitzapena dudanetik, Realzalea naiz. Nire aitarekin Atotxara joaten nintzen igandero; gogoko nuen oso hango giroa. Heldu izatean gutxiago joan naiz partidak zuzenean ikustera, baina ze zirrara Kortabarria ta Iribarrek ikurrina atera zutenean, edo Ormaetxearekin irabazitako bi ligak, eta beranduago Toshack-ekin errege kopa... Nik Erreala Donostiarekin eta Gipuzkoarekin hertsiki loturik sentitu dut, gure herriari alegia.
Bagenekien Errealari «Real» titulua Espainiako erregeak, Alfontso XIII.ak, hain zuzen, emana ziola... tira, inor ez da perfektua. Baina bada hiru aste kezka handi bat dudala nire barnean, lagun batek errealeko ikurrean dagoen koroa Borboi erregeen koroa zela erran zidan, ikurrari buruz idatzirik zegoena irakurri nuen; lagunak arrazoia zuen, eta ez hori bakarrik, Errepublika garaian koroa kendua izan zen ikurretik eta frankismoan berrezarria. Nola liteke hau? Nolatan ez dugu orain arte deus egin? (agian, egin da saiakeraren bat) Ez naiz hasiko zerrendatzen borboitarren koroa Realeko ikurretik kentzeko arrazoiak, hamaika ditut, baina bada bat ukaezina: gipuzkoarrok ez dugu koroa hori gurea sentitzen; beraz, ahal bezain laster ikurretik ezabatua izan dadila eskatzen dut.
Errealeko bazkide, jarraitzaile eta peñak deialdi honekin bat egitera deitzen ditut, eta zuzendaritzari eskatzen diot hartu ditzala hartu beharreko erabakiak, egoera lotsagarri honi aterabide emanez.
Milesker mezu hau errealzale guztien artean zabaltzen laguntzeagatik. Gora Erreala! Gora Euskal Herria!
ZUZENDARIARI
Errealeko ikurrean borboitarren koroarik ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu