Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Markel Olano ahaldun nagusiak erraustegi toxikoaren inaugurazioan esandakoari labur erantzungo diot. Esan digutenez, orain bost urte, PNVk eta PSEk gobernura iristean, dena geratuta aurkitu zuten; baina ez digute esan Eusko Jaurlaritzak eragin zuela gelditzea, TMB baimena ez emateagatik. Horrek kostu handia eduki du 2016tik 2020ko otsailera arte, diputazioak beste lurralde batzuetara hondakinak garraiatzen 47,6 milioi euro gastatu dituelako. Eta, hondakinak kanpora eramaten jarraitzen dutenez, Asensioren beste gezur bat agerian gelditu da, esan baitzuen Gipuzkoa hondakinen gaian 2020an lurralde autonomoa zela. Martxoaren 20tik uztailaren 20ra arte Bizkaiko Jatako hondakindegira 5.867 tona eraman dituzte. Are okerrago: erraustegia martxan egonda ere, abenduaren 15ean GHK-k sinatutako akordioarengatik, hurrengo urtean behintzat, hondakinak Bizkaira eramaten jarraituko dugu.
Erraustegiaren modernitatea ere aipatu zuten, Zubietakoak Europako sistemarik aurreratuenetariko bat duela eta eredugarria dela esanez, baina gauza batzuk ez dizkigute esan. Adibidez, toki askotan, irtenbide desegokia direlako, erraustegiak bertan behera jartzen ari direla: Argentinan, Australian, Irlandan, Italian hamabi, eta hurbilago ere bai: Nafarroan bertan, Valentzian… eta Madrilen, Valdemingomezekoa 2025ean itxiko dute.
Modernitatearekin jarraituz, Zubietako erraustegiak frogaldi-epean sortutako kutsadura agindutako mailaren gainean egon zen: arazoak eduki zituen partikula kontrolarekin eta nitrogeno oxidoarekin. Esan beharra dago, gainera, erraustegi honetan substantziarik kutsagarrienak ez direnez modu jarraian neurtzen, inguruko lurrak eta elikagaiak etengabe kutsatzen direla.
Bai Olano, bai Asensio, harro agertu ziren Gipuzkoan lortutako birziklatze-tasarengatik; harrigarria, PNVk eta PSEk agintzen dituzten udaletan, batez besteko birziklatze-tasarik apalenak dituztelako.
Bestalde, Asensioren arabera, hondakinak hondakindegietan zabor bilakatzen ziren eta orain, aldiz, bai TMBren bidez (%8) bai balorizazioaren bidez (%92) dena aprobetxatzen da. Baina materialenerretzea elektrizitatea sortzeko erabiltzen bada lortzen den eraginkortasun energetikoa oso baxua dela, %30 ingurukoa; prebentzioarekin, berrerabilpenarekin eta birziklatzearekin eraginkortasun energetikoa askoz altuagoa da, honakinen %85 birziklagarriak edo berreralbigarriak dira!
Azken ideia hori ekonomia zirkularrarekin lotu daiteke, materia erretzen badugu eskasak diren lehengaiak agortzen direlako; beraz, erraustegia eta ekonomia zirkularra kontrako kontzeptuak dira. Hondamendi honen ikurra Danimarka da, gero gehiena (%80) erretzeko: urtean pertsonako 781 kilo hondakin sortzen ditu, itzela. Gainera, benetako ekonomia zirkularrera indartu nahi izanez gero, produktuaren diseinuan ikertu behar da, batez ere, objektu guztiak berrerabilgarriak edo birziklagarriak bihurtzeko.
Olanok eta Asensiok Zubietako erraustegiaren inaugurazioan esan zutenaren arabera, klima aldaketaren kontrako borrokan erraustegia baliagarria da. Baina, datuak kontsultatzen badira, egiazta dezakegu erretako hondakin tona bakoitzeko beste C02 tona bat airera isurtzen dla; beraz, esandakoa ez dela egia. Adituen esanetan, kantitate altu hori murrizteko, lehen eraginkortasun energetikoarekin egin degun moduan, Europak ezarritako hierarkia jarraitu behar da.
Gurasos-ek epaiketa guztiak galdu dituela ere esan zuen Asensiok. Hori ez da egia, eta, horrez gain, Asensiori gogoratu behar zaio politikariek epaileak aukeratzen dituztela; bestela, ezinezkoa izango litzateke ulertzea ondo epaitu ez diren ustelkeria kasu ugari: De Miguel, Epsilon, purines Karrantza… edo Zaldibarrekoa bezalako kasu lazgarriak.
Ez dut bukatu nahi esan gabe gai hau behin betirako bukatuko dela gauzak ondo egiten direnean. Niretzat behintzat, horretarako —eta eraikita dauden egiturak kontuan hartzen—, Gurasos-en planak eta Toxiko Watch-ek egindako ekarpenak kontuan hartu behar dira.
ZUZENDARIARI
Erraustegiari buruz, agintariei erantzunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu