Ekainaren 15ean literatura erotikoko tailer bat emango dut, E28 Plataformak aniztasuna ikusarazi eta ospatzeko eta sexu-disidentziari zor zaion trabarik gabeko existentzia aldarrikatzeko prestatu duen egitarauaren barruan. Egitaraua kolektibo eta pertsona indibidualen ahalegin eta ilusioaren emaitza da, eta Iruñeko Udalak ere parte hartu du. Ulertzekoa da, gure ustez, herritarren giza eskubideei buruz ari garelako, anitza denean Iruñeko jendartea, hainbatek onartu nahi ez duten arren.
Asmoa zen jarduera batzuk autogestionatuak izatea, eta udalak dirua jartzea plataformak haiek ematen edo dinamizatzen dituztenei ordaintzea erabaki duen jardueretan. Udala ados zegoen, baina azkenean salbuespen bat egin du: dirurik ez Taller de Escritura Erótica (Idazmen Erotikoko Tailerra) izenburua daraman jarduerarako.
Arrazoia? Ez dago agiririk, ezta arduradun publikoren adierazpen garbirik ere. Beraz, irudimena astindu beharko dugu. Baina ez gehiegi. Zer egon daiteke Idazmen Erotikoko Tailerra izenburuan Iruñeko Udalak ordaindu nahi ez izateko?
Sinestezina da duela hainbeste argitara ateratako hitzak (erotismoa, marika, orgasmoa...) armairura itzularazten saiatzea, are gehiago botere publikoek egitea, eta Ekainaren 28aren testuinguruan. Honek hitzen ahalmenaz gogoeta egitera narama —tailerrean landuko dugun kontua—, eta gauzak izendatzeko, errealitate ezberdinak aitortzeko, geure buruak ezagutu eta onartzeko, eta aukera eta abentura berrietara irekitzeko beharraz. Eta hitz hauetan, eta ez benetan arriskutsuak diren beste hainbatetan, mehatxua ikusten duten horien hauskortasunean pentsatzera ere eraman nau.
Beraz, ez, ez dugu hitz bat beste batekin ordezkatuko. Gainera, zerk kitzikatzen gaituen hausnartzea eta eszena sexualak idaztea helburu duen tailer baterako beste izenburu bat topatzea kosta egiten zait, pistak eman ditzakeen hitzik erabili gabe. Literatura Pikantea, Berdea, Bi Erronboko Testuak? Begi onez ikusiko lituzke Berdintasunak? Agian lehiaketa bat antolatu dezakegu hurrengo urtean... Baina aurten, daukagunarekin aurrera egingo dugu. Plataformak Idazmen Erotikoko Tailerra babesten du. Izan ere, plataformakideek, nik bezala, badakite aurkitzen dugun erresistentzia bakoitzak erakusten digula, hain zuzen ere, zer den gainditzen lagundu behar duguna.
Parte hartzera gonbidatzea besterik ez zait gelditzen. Esan bezala, literatura erotikoko tailerra da, non edozein hitz gozagarria eta ongietorria izango den.
ZUZENDARIARI
Erotofobia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu