ZUZENDARIARI

Erosten ez diegunean ikusiko gaituzte

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskadi Irratia ari nintzen entzuten.Sarri bezala, merkatari euskaldunak elkarrizketatzen ari ziren, beren markak sortu dituzten ekintzaileak, biak ala biak euskal hiztun peto-petoak. Poza ematen du horrek, eta saioa bukatu orduko Internetera jo nuen, haien egitasmoak hobeto ezagutzeko irrikaz.

Merkatari euskaldun horietako baten webgunean sartu, eta bai, euskaraz zegoen, euskaldunak aintzat hartzen gaitu, behar bezala. Beste merkatariaren webgunera jo nuen jarraian. Eta beste honek espainiera hutsez zeukan —eta dauka— webgunea. Dilistarik ere ez euskaraz. Gaztelera hutsez omen «gehiengoarekin komunikatu ahal izateko». Eta bai, horretarako aski du inposatu diguten hizkuntzan jardutearekin, ez du euskararen beharrik.

Bizkarra eman diezaguke lasai asko, merkatari gehientsuenek bezala. Izan ere horretara ohituta gaude, ikusezin izaten irakatsi digute.

Badakigu poliziaren eta epaileen aurrean hobe dela espainolez edo frantsesez jardutea, gure hobe beharrez.

Renfen edo Correosen euskaraz aritzea alferrik izaten da, «gehiengoaren» hizkuntzan baino ez baitute egiten, txiripak txiripa.

Mercadonan, Dian, Alcampon, Lidelen, Carrefourren... halako saltokietan produktuen errotulazioa erdara hutsez daukate, baina baita «bertoko» Eroskin edo BMn ere, eta ordaintzeko orduan euskaraz ulertuko duenik aurkituz gero, bingo! Zenbakiak baskonikoz ikastea ikaragarri zaila omen, soritxarrekuak gu! Eta berdintsu saltoki, jatetxe eta taberna gehienetan ere.

Ez ikusiarena egiten diguten euskaradunek ere, hego haizeari segi besterik ez dute egiten, inposatutako hizkuntzari eta arau nagusi arrotzari men, eta ostikoa txikiari (txikituari) etxekoa izanagatik ere.

Boteretsuaren, zapaltzailearen alde jarri ohi da zapaldutako asko, nahita edo nahi gabe, zer gerta ere. Baina euskaraz bizi nahi dugunok, euskaldunok, ez genieke horrelakoei hausporik eman behar, ez genuke jokabide hori normalizatu behar.

Ez genieke abegi on egin behar ez ikusiarena egiten digutenei, eta are gutxiago euskaldunon hedabideetara gonbidatu, duintasunagatik baino ez bada ere.

Eta ez genuke euren zerbitzurik edo produkturik erosi behar ezikusiarena egiteari uzten dioten arte. Beharbada horrela, ezer erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.