Zuzendariari

Erosotasuna eta alferkeria

Abanto.
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bizi garen gizarteak eta dugun hizkuntza minorizatuak ahalegin berezi bat egiteko eskatzen digute, beren egoera dela kausa. Nago askori ez zaiola batere laketzen ahalegin hori egitea, itsu-itsu erosotasuna lortu nahi baitugu eremu guztietan. Nire ikuspuntutik, ostera, guztiz beharrezkoa den jarduera horrek, gurearen defentsan aritzeko, balio izugarria du barruan eta kanpoan daramagun urguilua ateratzeraino. Eroso bizi denak eta normalean oso bizitza arrunta daramanak, ziur asko, ezin du ulertu nola, bizitzaren beste arlo batzuetan bezala, sentimendu berezi batek lagun diezagukeen egin beharrekoa egiten. Askotan falta duguna kontzientzia baita. Hiztun batzuek, nahiz eta hizkuntza maitatu, egunerokoan beste hizkuntza baten pare tratatzen baitute geurea. Askori ez dio axola zenbat laguntza eta praktika behar dituen bizirik irauteko, eta alferkerian erortzen dira.

Usu, ez dugu ezta kontzientzia txarrik ere. Kalteak, ordea, guretzat izango dira, herri batek bizirik irauteko defentsa egoki bat garatu behar duelako zailtasunen aurrean.

Euskararen osasuna etorriko da leku guztietan praktikatzetik, denon artean adostuta, baldintza txarrenetan ere hor tinko erronkari eusteko. Guri dagokigu oztopoak gainditzea, edo behintzat gainditzen saiatzea, eta ez atzera egitea, deseroso sentitzen garelako.

Alta, gure aurka erabiltzen diren bitartekoak erraldoiak dira, eta denon ekarpena zeharo beharrezkoa da, nahiz eta hasiera batean balio handirik ez duela pentsatu.

Herri honen nortasunaren bermerik handiena euskara da, eta alferrikako borroka izango genuke, edo izugarrizko galera, herri gisa bidea egiten dugun heinean gure ikurrik sendoena galduko bagenu.

Dena dela, gure herrian beti izan dira eredu eraginkor eta miresgarriak. Haiekin batera, ikasi dugu bidea zein den: euskararen alde bizi oso bat ematea, zailtasunak gorabehera. Eta jardun horretan bereziki azpimarratuko nituzke, beraien lanagatik eta bizimodu eraginkor eta harrigarriagatik hunkituta, Txillardegi eta Gotzon Garate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.