Galtzaundiko kideak (Tolosaldea)

Erosketak euskaraz egiteko eskubidea

Jone Garmendia Castaños, Josu Lizarralde Beñaran eta Lierni Arozena Zubizarreta
2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaldunok hizkuntza-eskubideak ditugu, beste hizkuntzetako hiztunek dituzten bezalaxe. Eskubide horietako batzuk legeak jasota ditu, baina beste zenbait ez dizkigu legeak berak ere aitortzen; baina legeak aitortu ala ez, badauzkagu!

Egunerokoan gauza asko erdaretan irakurtzen, entzuten eta egiten ditugu, nahiz eta ekintza horiek euskaraz gauzatzeko eskubidea izan. Zoritxarrez, euskaldunok ohituta gaude behar duguna gure hizkuntza ez den beste batean jasotzen edo egiten, eta, batzuetan, normaltzat jotzeko arriskua ere izaten dugu.

Galtzaundi Tolosaldeko Euskara Taldeko kideok azken urteetan hizkuntza-eskubideen gaia berariaz landu ez badugu ere, azken aldiko oldarraldi judizialari indarraldiarekin erantzutera behartuta sentitzen gara. Hori horrela izanik, hizkuntza-eskubideen gaia gure agendan sartu dugu, eta datozen asteetan astinaldia eman nahi diogu. Hizkuntza-eskubideena arnasa luzeko kontua da, ez da ekinaldi batean konpon daitekeena, eta jarraitutasunarekin landu beharrekoa da. Horregatik, alorrez alor lantzea erabaki dugu.

Oraingo honetan, saltoki handietan jarriko dugu arreta. Saltokien kanpoaldeetan egongo gara Tolosaldeko euskaldunoi hiru mezu helarazteko: 1) saltokietan ere badituzue hizkuntza-eskubideak; 2) eskubideren bat urratzen bazaizue Hizkuntza Eskubideen Behatokian salaketa jartzeko aukera daukazue, eta horretara animatu nahi zaituztegu (www.behatokia.eus); eta 3) fruituak ematen ditu kexa emateak, eta garrantzitsua eta ezinbestekoa da eskubideren bat urratu zaizuenean horren berri ematea, eta salaketa jartzea.

Euskaldunen gehiengoak ez badaki ere, EAEko kontsumitzaileen legeak hainbat hizkuntza-eskubide aitortzen dizkigu, eta saltoki handiak behartuta daude honako hauek euskaraz izatera: batetik, errotuluak, oharrak, eta, oro har, ahozko eta idatzizko komunikazioak; bestetik, eskaintzak eta iragarkiak; hirugarrenik, inprimakiak; eta, azkenik, fakturak.

Horiek dira, labur adierazita eta legearen arabera, euskaldunok EAEko saltoki handietan ditugun hizkuntza-eskubideak; baina legeak aitortzen ez dizkigun beste zenbait eskubide ere baditugu. Eskubide horiek lege bilakatzeko, euskaldunon betebeharra da eskubide horiek ere gureak direla aldarrikatzea. Garrantzitsua da legeen baitan jasota dauden hizkuntza-eskubideen urraketen berri ematea, baita legeek jasota ez dituzten urraketen berri ematea ere.

Eta zergatik da garrantzitsua salaketa jartzea? Bada, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hilabetero gogorarazten digun bezala, kexen edo salaketen ondorioz lorpenak ere izaten ditugulako, kexa jasotzen duten zenbait entitatek haien bitartekoak euskalduntzen dituztelako. Kasu batzuetan kexa bakarra nahikoa izaten da, beste batzuetan kexa bat baino gehiago jarri behar izaten dira. Argi dagoena da inori ez zaiola gustatzen bere negozioaren izena eskubideen urraketekin lotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.