Azken hilabeteotan bizpahiru aldiz izan naiz Berriozar ondoko Eroski saltokian, eta, bitan gutxienez, gogoratzen dut entzun ditudala bozgorailuetatik emandako mezuak gaztelania hutsean. Lehenengo aldian, ahozko kexa bat egin nion bertako arduradun bati gertaera harengatik, eta esan zidan saiatuko zirela akats handi hura konpontzen, baina, nire zoritxarrerako, uztailaren 1ean izan nintzen bertan azkeneko aldiz, eta orduan ere bizpahiru mezu entzun nituen modu berean: ahoz eta gaztelera hutsez. Ez nuen gogorik izan berriz ere bertako arduradunen batengana joan eta kexa berbera egiteko, eta horrexegatik erabaki dut egitea gaitzespen publiko hau.
Honekin ez dut epaitu nahi zer egiten duen Eroskik beste leku batzuetan, baina, Berriozar ondoan dagoen hartan, behinik behin, nik eman dezaket nire lekukotasuna gertaera horiek egiazkoak direla. Eta, hori gutxi balitz bezala, esan beharra dago aipatu dudan saltokian oso zaila dela langile euskaldunak topatzea; niri, behintzat, horrela suertatu zait. Erdaldun hutsak bai, nonahi, baina euskaldunak (elebidunak), nekez.
Nik uste nuen Eroskiren helburu nagusietako bat zela pertsona euskaldunak zerbitzatzea, haiei lehentasuna ematea, etxean bezalaxe sentiaraztea eta abar, baina argi eta garbi dago Berriozar ondoko Eroskin erosoago eta etxekoago senti daitekeela edozein pertsona erdaldun euskaldunak baino. Ea noiz aldatzen dituzten gauzak eta egoerak arduradunek.
Zuzendariari
Erdara hutsa Eroskin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu