Zuzendariari

Erabili euskaraz bizitzeko aukerak

Bagerako lehendakaria.
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen izenean dei egin nahi dizuet euskaraz bizitzeko aukera guztiak balia ditzagun. Txalogarria iruditzen zaigu herritarrekin euskara hutsezko harremana izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa. Egitasmo hori, ordea, ezertan gera daiteke herritarrok ez badugu aukera baliatzen. Datozen asteetan, errenta aitorpena egiterakoan, Aldundiarekiko harremana euskaraz izatea aukeratu ahal izango dugu. Erabilera omen da euskararen arazoa. Erabili dezagun, bada.

Administrazioaren eguneroko funtzionamenduan, eta haren eta herritarren arteko harremanetan, erdara jaun eta jabe izan da luzaroan. Azken urteetan, euskarak urratsak egin ditu arlo horretan normalizaziorantz, baina oraindik ere erdara dugu hizkuntza nagusia. Zenbat alditan entzun dugu administrazioan, «erdaraz, mesedez»?, Zenbat alditan ez ote dugu jaso inprimaki bat erdara hutsez? Administrazioak buelta eman behar dio egoera horri, eta eredu izan behar du: euskaraz bizi daitekeela erakutsi behar du.

Orain, herritarrok ezin dugu hutsik egin. Batzuk zalantza izango duzue: ez nago alfabetatua, gauza horiek euskaraz egiteko ohiturik ez daukat… Ziur nago funtzionario eta langile euskaldunek prestasun osoa erakutsiko dutela horretan laguntzeko. Ausartak izateko eta harrotasuna erakusteko garaia dugu. Euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu. Euskaraz bizitzea aukera dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.