Tolosa

Epaile euskarafoboak eta marko legala

Joseba Aranburu Garmendia
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Inor gutxik zalantzan jartzen du azken boladan euskararen aurkako oldarraldi judizial baten aurrean gaudela. Epaile txit agurgarriek, hemengoek eta Espainiakoek, hamaika ebazpen kaleratu dituzte lanpostu publikoetan euskararen ezagutza exijitzearen aurka, exijentzia hori erdaldunentzat «diskriminatzailea» delako. Arrazoibide hori jarraituz, «diskriminatzailea» ere bada arkitekto gisa lan egiteko erakunde publiko batean arkitektura-titulua eskatzea, horrek arkitektoak ez garenok «diskriminatzen» gaituelako. Lanpostu publiko batera, epaileen arabera, herritar guztiok eskubide bera dugulako. Zentzugabekeria.

Ni ez naiz legelaria, baina ezin dut ulertu zergatik Hego Euskal Herrian ezin den lanpostu publikoetan euskararen ezagutza exijitu eta, aldiz, Katalunian eta Galizian ez dagoen arazorik bertako hizkuntzak exijitzeko. Ez da logikoa. Ez al gara, epaileen arabera, «espainiar guztiak» berdinak legearen aurrean? Ez al ditugu denok eskubide berdinak? Ematen du ezetz. Galizian, non PPk aspalditik gobernatzen duen, lanpostu publiko ia guztietan galiziera eskatzen da; bertako osasun-sisteman lan egin nahi duten mediku berriek galizierazko azterketa ere egin behar dute, esaterako. Berdin Katalunian eta Balearretan. Zergatik epaile espainolek Galizian eta Katalunian onartzen dutena ez dute Hego Euskal Herrian onartzen? Euskarafobia?

Ez dut pentsatu nahi zirrikitu legal bati eusten diotela euskararen aurkako ebazpenak emateko. Ez dut pentsatu nahi gure hizkuntza arautzeko legeak gaizki eginda daudela…Baina horrela balitz, dagokionari eskaera: lehenbailehen konpon dezala, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.