Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko duen grinaren haritik, duela gutxi entzun diogu gure Ingurumen-ahaldun Asensio jaunari Aldundiak Klima Aldaketaren Institutu bat sortzeko asmoa duela. Institutu hau Europa mailan punta-puntakoa izateaz gain, ekonomia berde batera eraman eta gure etorkizuna itxaropenaren kolorez tindatuko omen du. Harrapa ezazue!
Ez dugu gaizki pentsatuak izan nahi, halabeharra izan liteke, baina Asensio jaunak bere asmakizuna aldarrikatu duen bitartean gure mendiak urtaroen eraginik gabe kolorez aldatzen ari dira, pinuaren iluntasun ia beltzetik eukalipto australiarraren urdin argira. Hain maitatuak izan dituzten pinu gaixoei izurriteak eraso dienean beren zorigaiztoko patuaren eskuetan utzi eta baztertuak izan dira, jada ez dituzte gogoko. Pikutara joan daitezela pinuak!
Gipuzkoako Aldundiko agintariei ez die axola Portugalgo gobernuak, hango zuhaitz eta biztanleek jasandako hondamendiaren ondoren eukalipto landaketa berriak debekatu izanak, edo Espainiako Auzitegi Nazionalak zera ontzat ematea, «landatzen ari garen eukaliptoa espezie kanpotar bertakotu bat dela, ahalmen inbaditzaile handiko espeziea izateaz gain, hedatzen ari dena eta biodibertsitatearentzako eta ekosistemen funtzionaltasunerako arrisku larria suposatzen duena». Baina Aldundiari bost axola halakoak, pinu zaharren matarrasak diruz laguntzearekin gutxi ez, eta eukalipto landaketen aurrean ez ikusiarena egiten baitute; Aldundiak ez du Izarraitz edo Arno bezalako Natur Parkeetan eukaliptoa landatzearen ondorioz, zirkinik ere egin.
Basoek negutegi gasen %25 zurgatzeak edo baso autoktonoek eukalipto landaketek metatzen duten karbonoaren bikoitza zurgatzeak ez du nonbait garrantzirik ditxosozko Klima Aldaketaren Institutuaren bultzatzaileentzat. Asensio ahaldunak noizbait kontatuko digu Europa Batasunak 2050erako negutegi gasen emisioak %80n murrizteko helburua basorik gabe nola lortu nahi duen. Eta dirudienez Aldundiko agintarientzako ez da biodibertsitaterik edo ekosistemarik ageri Gipuzkoan. Portugalgoak bezalako hondamendiak jasan beharko ote ditugu agintarien utzikeria eta gutxi batzuen diru-gosea asetzeko dagoen baso politika hau birbideratzeko?
ZUZENDARIARI
Eman dio Gipuzkoak erantzuna klima aldaketari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu