Zuzendariari
Emakumeen bizitza, eskubide edo lehentasun?
Hilabete honetan 135 ertzain hasi dira mehatxatuta bizi diren emakumeen bizitza babesteko kontrazaintza lanetan. Zergatik orain? Orain, bat-batean bizitza horiek arriskuan daudelako? Zeren orain emakume horien bizitzak arriskuan baldin badaude, ziur aski aurreko hilabeteotan ere horrela izango zen. Eusko Jaurlaritzak azaroaren hasieran jakinarazi zuenez, ertzain horiek ETAk mehatxatutako pertsonen zaintzan aritzen ziren poliziak dira, eta orain, egoera berrian, polizia horien lanorduak mehatxatutako emakumeen bizitzak babesteko emango dira. Beraz, lehentasuna ertzainenzeregina zehaztea da. Ez da batere eroso izan behar bizkartzainen babespean bizitzea, baina ziur aski hainbat indarkeria egoeratan ez dago beste aukerarik. Mehatxupean bizitzea infernuan bizitzea bezala izan behar du. Mehatxaturik bizi diren emakume horien goizak, dudarik gabe, opari bat izan behar dute. Gaur ere osorik altxatu naiz, eta, momentuz, ez da ezer larririk gertatu. Indarkeria matxistaren arazoa korapilatsua da, prebentzioa lantzea ezinbestekoa, proposamen berriak aztertzea beharrezkoa, hala nola Aralarren proposamena: erasotzaileak «zaintzeko», eta ez mehatxatutako emakumeak. Konponbidea ez da poliziala. Baina ni ez nago mehatxatutako emakume baten larruan. Edozein modutan, denok aske bizitzeko eskubidea baldin badugu, eta bizitza guztiek balio bera baldin badute, ez dirudi oso logikoa kontrazaintza eskaintzea administrazioaren komenientziaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu