ZUZENDARIARI

Elsa

Zornotza.
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gizakiak etorkizunik ez zeukala eta desagertzea hoberena litzatekeela pentsatzen hasita nengoenean, kasualitatez, Elsa ezagutu nuen herriko portal batean.

Bi pertsona zaharri laguntzen ari zen portaleko eskailerak igotzen. Ezkerreko besoan Maria zeraman; 85 urte baino gehiago zeukan. Elsaren eskumako besotik, Manuel zihoan, Mariaren adin berekoa. Bientzat, Elsaren laguntza ezinbestekoa zen.

Maria eta Manuel bakarrik bizi ziren, familiak ahaztuta eta laguntza barik, baina Elsa aurkitu dute, bere familia izango balitz bezala laguntzen eta maitatzen dituen pertsona. Elsaren familia, hain zuzen ere, Errumanian geratu zen, eta gure herrira etorri da beste familia bat zaintzera.

Elsak, zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren andrazko migratzaileen %37 moduan, arazoak ditu lan baldintzekin, lanaldiarekin, soldatarekin eta kontratuarekin. Bostetik batek arazoak ditu oinarrizko beharrizanei aurre egiteko: janaria, jantziak, etxebizitza...

Dirua bidaltzen dute sorterrira etxeko lanetan ari diren migratzaile andrazkoen %55ek. Elsaren helburua ez da soilik bere burua mantentzea. Familia lagundu nahi du, etxera dirua bidaliz. Horregatik, ahalik eta diru gutxien gastatzen du hemen. Bere buruari oso prekaritate egoera gogorra ezartzen dio.

Estatistiken arabera, batez beste, 630 euroko soldata garbia daukate. Oso soldata txikia da, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeen batez bestekoarekin alderatuta: hau da, etxeko langile migratzaileek erdia irabazten dute.

Elsa triste sentitzen da. Emakume migratzaileen lautik bat bakarrik eta triste sentitzen da. Beste arazo batzuk ere agertzen dira: lautik batek esan du baztertuta sentitzen dela arrazagatik, erlijioagatik edo migratzaile izategatik. Bostetik batek familiarengandik bananduta egotea aipatu du arazo gisa.

Etxeko lan ordainduetan diharduten langileen %95 emakumeak dira; zoritxarrez, rolak ez dira aldatu, etxeko lanak, lan ordainduak badira ere, emakumezkoen lanak dira, eta, gainera, diskriminatuta daude, lehendabizi, emakumeak direlako, eta bigarrenik, atzerritarrak direlako.

Argi dago, berez, sektorea hobetu egin behar dela, emakume horien lan baldintzak agerikoak egin behar dira, eta etxeko lanak lan duintzat hartzen hasi. Lan duinak ez diren bitartean, ez dira lan baldintzak hobetuko. Bestalde, atzerritarren legea aldatu egin beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.