Foro Sozialari, Elkarriri eta Lokarriri buruzko hausnarketa interesgarria egin zuen urtarrilaren 28ko BERRIAn Hodei Etxartek. Geroago, Teresa Fagoagak otsailaren 1eko BERRIAn eman zion hausnarketa horri erantzuna. Gaia sakona eta gure herrian bakea lortzeko prozesuan inportantea iruditzen zaidanez, nik neuk ere egin nahi dut hausnarketa, Elkarri zer izan zen, zer gertatu zitzaion eta gure herrian gaur zein egoeratan gauden hobeto ulertzeko.
Elkarri porrota izan zela da, funtsean, Hedoi Etxarteren mezua, ETA bakarrik desagertu baitzen, polizia-indarrek Euskal Herrian jarraitu baitzuten eta euskaldunok ez baikenuen garaile eta galtzailerik gabeko egiazko bakea lortu. Bada, ez nator bat pentsamendu horrekin eta, horretarako, Elkarri mugimenduaren sorrera eta prozesua nik nola bizi izan nuen azalduko dut.
Euskal Herrian 90eko hamarkadan zegoen giro izugarria (ETAren borroka armatua, atxiloketak, polizien torturak, alde batekoek zein bestekoek pairatzen zituzten giza eskubideen urraketa larriak...) gainditzen laguntzeko sortu zuten Elkarri eta hasieratik oso argi izan zuten akordioa eta elkarrizketa zirela orduko krispazio-giroari irtenbidea emateko bide bakarra. Horretarako, printzipio irmo batzuk aldarrikatu zituzten eta sorreraren unetik beretik printzipio horien arabera jokatu zuten: eskubide guztiak, indibidualak eta kolektiboak, errespetatu behar ziren eta, hori dela-eta, ETAren ekintza armatuei, polizien torturei eta giza eskubide ororen urraketari ezezko garbia esan zieten hasieratik.
Beste kontu bat da printzipio horiek nola bete ziren aztertzea, baina, Teresa Fagoagak ezin hobeto adierazten duenez, «elkarrizketaz, negoziazioaz, eta akordioaz, garai hartan tabu zirenak, gizartea eta politikariak kontzientziatu genituen». Jakina, argi-ilunak ere izan zituen, baina euskal gizartean nola geunden hartu behar dugu, betiere, kontuan Elkarriren lana ikuspegi historiko baten arabera epaitzeko orduan. Ez zituela helburu guztiak lortu? Jakina, baina segituan galdera bat egingo dut: ETAk eta ezker abertzaleak bereak lortu al dituzte? Mesedez, konpara dezagun ETAk eta KASek orduan planteatzen zutena eta armagabetze-prozesuan lortu dutena. Zer egin zuen azkenean ETAk? Bere armak entregatu zituen , errendizio bat izan zen, azken finean, eta ezker abertzaleko inork ere ez dio kritikarik egin. Normala da, bakea lortzea eta gure herriaren arazo larriei (presoak, torturatuak, biktima guztien sufrimendua...) irtenbidea ematea da inportanteena, baina ez dezagun derrota izan zena garaipen bihurtu. Elkarri, beraz, bakea eta elkarbizitza lortzeko egindako lanari begira, ez zen inolaz ere porrota izan.
Hala ere, ezin naiz triunfalismo handiegian ere erori eta puntu batean, zoritxarrez, eman behar diot Hodeiri arrazoia: bakearen alde egindako lan erraldoia inolaz ere ukatu gabe, nik ere porrotaren sentsazioa bizi izan nuen Elkarriren bukaeran. Bai, guztiz ados nago zurekin, Teresa, elkarrizketa eta bakearen alde egin zenuten lan handia aipatzen duzunean baina, zoritxarrez, ez zituen bere helburuak lortu eta, azkenik, bakea ez zen euskal gizartera iritsi. Dena den, egiazko bakea lortu ez izanaren erantzukizuna ez zela Elkarrirena izan, ezker abertzaleko sektore gogorrena eta Espainiako Estatutuarena eta polizia-indarrena baizik, esango dut, hilketekin, torturekin eta giza eskubideen urraketekin jarraitu baitzuten.
ZUZENDARIARI
Elkarriri eta euskal arazoari buruzko hausnarketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu