Karrantza

Elkar mugituz?

Roberto Alkarterri
2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait aspalditxo batean, 90eko hamarraldian edo, EGA azterketa batean idazmen-proba burutzeko jarri zuten idazlanerako izenburua: Nola ikusten gaituzte? Alegia, euskaldunok nola ikusten gintuzten. Ala zer iritzi zuten gutaz. Bada, garai hartan txiste ugari sortu ziren hainbat irakasleren eta aztertzaile batzuen artean; agian aho bete hortz ikusiko gintuzten, zeharo txundituta, harri eta zur, sor eta lor, edo batek daki zelan. Halaxe geratu baikinen gutako hainbat izenburu hura ikusita, eta horrelaxe geratzen naiz ni elkar mugituz ez-dakit-zer egingo dugula irakurtzen dudan bakoitzean, asmatu ezinik zer egingo ote dugun.

Hasiera batean, dantza lotuan egiteko proposamena zela pentsatu dut, baina, batek daki, beharbada elkarri bultza, edo musu, elkar-gainka jarri edo elkarrenganatu egin beharko dugu denok pega-pega eginda egon arte, auskalo! Dena dela, euskararen aldeko ezer bada, ongi etorria izan bedi, seguru bainago elkar hartuko dugula zeregin horretan, mereziko du eta.

Ez dakit nik, ba! Barkatu atrebentzia, irakurle, ez bainaiz nor inori ezer esateko Euskaraldiaren goiburuaren egokitasunaz, baina lepoa egingo nuke elkarri eraginez, esate baterako, natural, ulergarri, adierazgarri eta, finean, komunikatiboagoa litzatekeela bi hitz horiekin aditzera eman nahi izan dutena adierazteko.

Hiru hanka edo oinarri nagusi omen ditu euskara onak: zuzentasuna, egokitasuna eta jatortasuna. Halako zerbait entzun nion hor nonbait Kike Amonarrizi, oker ez banago. Eta nago elkar mugituz horrek hiruretako baten batean kale egiten duela. Ez dut esango, ez horixe, zuzena ez denik, baina galdera bakarra egingo dizut: zuzena al da, izan ote daiteke, egokia edota jatorra ez dena?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.