ZUZENDARIARI

Elbarrien duintasuna

Gipuzkoako Elbarriak Martxan.
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gielmar (Gipuzkoako Elbarriak Martxan) elkarteko bazkide den Ainhoa Bengoetxea Adarragak, ikusmen urrikoa izanik, ezbehar bat jasan zuen kaletik zihoala, Gipuzkoako plazarekin paraleloa den Idiakez kaleko espaloitik pasatzen ari zenean, Donostian, norbaitek berarekin talka egin baitzuen. Kolpearen ondorioz lurrera erori zen, eta Bengoetxearen makila hautsi egin zen. Makilik gabe etxera itzuli behar izan zuen, horrek zekarkion arriskuarekin, ezin baitzuen bidea ezagutu. Pertsona horren elkartasun falta salatu nahi genuke. Ez zuen barkamenik eskatu, ezta inolako laguntzarik eskaini ere. Esan beharrik ez, aurreko astean erositako makila berri-berriari egindako matxuragatik dirurik ez zion eskaini, bere elbarritasuna dela kausa eguneroko zereginak autonomiaz burutzeko derrigorrez behar duen tresna hori ordezkatzeko. Gielmarretik, hiritarren sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu gai honetaz. Gizarte normalizatu batean, pertsona elbarri guzti-guztiok duintasunaren, begirunearen eta inklusioaren eskubide osoa dugu. Eskubidea eta beharra.

Ainhoa Bengoetxeari gertatutakoa adibide gisa seinalatzen dugu. Egunero gerta daitekeen gauza bat da, baina gizartean dagoen sentikortasunik eza agerian jartzen du. Horrelako gertaerak salatu behar ditugu, ez bakarrik gertatzen zaionarentzat mingarria den bidegabekeria den aldetik, baizik eta gizarte inklusibo batean era normalean parte hartzeko guztiok dugun eskubidea ukatzen eta kolokan jartzen duelako, hain zuzen.

Aulki gurpildunetan gabiltzanok ere horren antzeko jarrerak ezagunak ditugu. Ondo ezagutzen dugu oinezko batzuen ohiko inkontzientzia eta sentikortasunik eza. Beraien arreta faltagatik behin baino gehiagotan talka egin dugu edota arriskuan jarri gaituzte zeharo despistatuta dabiltzalako, mugikorrari begira edo Whatsappean idatziz, inguruneari eta hortik pasatzen ari garen gainerako pertsonoi inolako jaramonik egin gabe.

Elbarritasun bat dugunok maizegi gertatzen diren portaera horien aurrean egiten dugun irakurketa hauxe izaten da: gu ere pertsonak izan arren, ez zaizkigula eskubide berdinak aitortzen, gu kontuan ez hartzeagatik. Horrelako gizarte-bereizkeria motez asper-asper eginda gaude. Horregatik diogu: aski da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.