Zuzendariari

Ekin

Abaltzisketa.
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
1991n, mundu osotik etorritako elikadura, nekazaritza, garapen eta abarretako zenbait aditu bildu ziren Suitzan. Harrezkeroztik, Lurra zaindu ikerketa lana argitaratu zuten. Gaiak erabateko gaurkotasuna du oraindik, arazoak bere horretan dirauelako. Bi esaldi aukeratu ditut:

«Gure bizimoduak eta garapen-bideek naturaren mugak errespetatu behar dituzte».

«Herri pobreetan beharrezkoa da ekonomia-hazkundea, bizi-kalitatea hobetzeko. Herri aberatsetan, aldiz, mota guztietako kontsumoa murriztu behar da».

23 urte geroago, okerrago dago dena: mundu txiroan laukoiztu egin da elikadura defizita; guk, berriz, arazotzat dugu gizentasuna. Horren errudunetako bat janari industriala da; ingurumena degradatzeaz gain, baztertu egiten ditu gure baserriko produktuak.

Egunero, 60.000 pertsona mugitzen dira landa-guneetatik hirietara, eta han pilatzen dira baldintza negargarrietan. Laster, munduko lau biztanletik hiru hiriguneetan biziko dira.

Euskal Herrian aspaldi hasi zen prozesua. Nekazaritza-ustiapen asko utzita, kanpotik ekartzen ditugu jaki gehienak. Hemengo nekazariak hobeto gaude atzerrikoak baino; hala ere, denok gara pobreagoak (batez ere, nekazaritza inguruko baliabideetan oinarrituz gero).

Eta Administrazioak zer egiten du? Alderdiak boterean aldizkatu arren, ezer ez da aldatzen hemengo erabakietan. Noizko elikadura subiranotasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.