ZUZENDARIARI

Ekainaren hirua: lau alderdi, ken buru bat

EHUko Komunikazio irakaslea.
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ekainaren 3an manifestaldi masiboa izango omen da Iruñean, Gurea Defenda Dezagun plataformak hala eskatuta, Nafarroako Gobernuak ez dakigu noiz debekatu omen duen Nafarroako bandera defendatzeko asmoz. Kuriosoa leloa, elebiduna gainera, 1900. urte aldera Arturo Campion euskaltzale nafarrak paper batean marrazturiko sinboloa Espainiako atxikimendu sendoenaren defentsarako erabiltzea. Amnesia historikoak jota, horra alderdi defendatzaileak, hurrenez hurren, Nafarroaren nortasuna tinko mantentzeko asmoz: UPN, navarrisimo delakoa eta Plataformaren bultzatzailea baino erdaldunago, bere hauteskunde-porrota onartu ez eta euskal kiratsa darion edozeri muzin egiten diona, afiliatu kopuru bat Nafarroako mendietan erosi behar izan baditu ere, BERRIAn euskarari laudorioak botatzeko eta handik bi hilabete eskasera Zizur Zendea zonalde elebidunetik indarrez ateratzeko. PPN, Nafarroan aurrekoarekin zuen paktua desegitean parlamentura lau ordezkarirekin istripuz iritsi zena, oraingoan horien erdia ere galdu duela. Paktuen eta akordioen sinbolo gisa aurkezten da ordea, gizarte nafarraren %10 ordezkatzera ailegatzen ez bada ere, eta Aragoiko buru bat jarri behar badu ere, alderdia nora begiratzen duen argi geratuko ez bada.

Ciudadanos delakoa, ekainaren 3ko manifestazioaren printzipioen erdia ere defendatzen ez duena: nafar instituzioen mantentzea hain zuzen, komunitateari autonomia erdia eta kontzertu ekonomikoa kendu nahi dizkiolarik. Ciudadanos Nafarroaren «erdia» da: hizkuntza bietatik bat, sexu bietatik bakarra eta Nafarroaren eskuduntzetatik erdia baino sostengatzen ez dituena. Ordezkarietan, makalago ei dabil, hutsaren hurrengotik oraindik.

Amaitzeko, PSN daukagu, duela hiru bat urtez oposizioa izatetik PPNk baino irudi eskasagoa izatera pasa dena, eta azken unean manifestaldira salto egin duena akaso Madriletik hala eskatuta. Franko diraPSOEn Nafarroaren hitzarmen ekonomikoa euskara bezainbeste maite dutenak, baina PSNri bost.

Errespetagarria da norbera manifesta dadila nahi duen beste, eta nahi duela eskuetan, baldin eta ikurrina esku-artean ez badu behintzat, terrorismoa ez ote den izango. Ziur nago Nafarroarenak ez diren ikur gehiago ikusiko ditugula bertan ordea, gorrietaz gain, gorri-horiak, horiek baitira Nafarroaren benetako ikurrak. Batez ere azkena, eta noski, gazteleraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.