Lehenik eta behin, milesker Bizkarsoro filma aurrera eraman duzuen guztioi, milesker euskal hiztunon aurkako jazarpena eta euskaraz bizitzeko dugun gogoa ongi asko kontatzeagatik. EITB Euskal Irrati-Telebistak Euskaren Egunean eskainitako Bizkarsoro-ren emankizunari dagokionez, aktoreak euskaraz ari direnean azpidatzirik ez izatea hutsegite galanta iruditu zitzaidan. Oro har, behe nafarreraz entzutera ohituta ez gaudenez, euskaldun gehientsuenok ez genituelako behar den moduan ulertu elkarrizketa ugari.
Bizkarsoro filmaren egileek dozenaka emanaldi eskaini dituzte herriz herri, nik ezagutu ditudan kasu guzti-guztietan azpidatziekin, ulerterraza izan dadin. Ez dut ulertzen oraingoan zergatik ez.
Horrexegatik guztiagatik, akatsa zuzendu eta pelikulak merezi duen oihartzuna izate aldera, hiru iradokizun aipatu nahi nituzke:
Baga: ETB1 katean urtean behin baino gehiagotan eskaini beharko litzateke Bizkarsoro filma. Pelikularen emanaldia aurrez iragarriz (azpidatziekin izango dela adieraziz) eta aktoreak euskaraz ari direnean euskara batuko azpidatziekin.
Biga: ETB2 katean ere eskaini beharko litzateke —gaztelaniazko azpidatziekin noski— gaztelania hutsean bizi direnek ere gure historiaren berri izan dezaten. Euskararen desagertzea gauza naturala ez dela ikus dezaten, inongo hizkuntzaren transmisioa ez baita eten modu naturalean; aurrez programatutako prozesua da, alegia.
Higa: EITBren Primeran plataforman Bizkarsoro filma ezin da behar den moduan ikusi. Gailu askotan azpidatziak ezin dira irakurri, pantailaren behealdean mozten direlako hizkiak. Arazo hori ahal bezain laster konpontzea beharrezkoa da. Azpimarratzekoa, bestalde, azpidatzietan frantsesez ikusteko aukerarik ez dagoela, eta Ipar Euskal Herriko frantsesdunei filma ikusteko aukera eskaini behar zaie ezbairik gabe.
Ez daukat zalantzarik EITBk kontzientziak astintzen dituen Bizkarsoro pelikulari behar duen lekua emango diola, euskaren berreskuratzean denok baikara bidelagun.