Zuzendariari

EITB: Ene bat errepide nazionala

Donostia.
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Komunikazio alorrean gertatzen diren ezkutuko intentzioak, komunikazio-amarruak edota gezurrak atzemateko lagungarriak izaten dira txikitan ikasitako hainbat esaldi: «ez da gauza bera predikatzea eta garia ematea», adibidez, edo «egin desadana, baina ez dagidana», apaizen ahotan jartzen zena. Esaldi hauek esandako hitzen eta jardueren artean egon daitezkeen kontraesanen gainean arreta jartzera gonbidatzen digute. Hala, esaldi bat edo hitz bat balioztatzean ezin ditugu alboan utzi horiek eragiten dituzten ondorioak,EITBren hitzen kasuan modu praktikoan kontsideratu behar diren ondorio politiko eta kulturalak. Horregatik, ezin dut ulertu EITBn erabiltzen den «ene bat errepide nazionala» esapidea. Errepidean goazela «N-1» ikusten dugu kartel guztietan. Beraz, informazio ikuspegitik «N-1» esapidea gainditzen duen guztia sobera dago. «Ene bat errepidea» esatea nahikoa da, nire ustetan. Horregatik, Hego Euskal Herriko errepideak izendatzeko ahalmena eskuratu bitartean, irtenbide bat proposatzen dut, Txillardegik behin eta berriz aipatzen zuena: «ene bat errepide nagusia». Horrela egingo balu EITBk, euskararen aldeko urrats bat egingo luke; nolabaiteko neutraltasuna gordeko luke eta espainiarrek euskaldunok asimilatzeko daramaten politikan kolaboratzeari utziko lioke. Euskal curriculuma defendatzen dela esatea eta Espainiako markak etengabe gizarteratzea, bat ez datozen jarduera komunikatiboak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.