Fika

Einsteinen atomoa

Bittor Muniozguren-Arostegi
2025eko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela pare bat aste, hedabide hau irakurtzen nenbilela, titular batek nire arreta bereganatu zuen: «Kolaborazio publiko-pribatua ez da ona komunitatearentzat, baizik eta gutxiengo batentzat». Ni, lehenengo fisika eta ondoren ingeniaritza elektronikoa ikasia, ikerkuntza zentro batean hasi berria. Bereziki interesgarria deritzot eztabaida honi.

Fisiologoa eta filologo klasikoa den Sevillako bati eginiko elkarrizketa zen. Gainetik irakurtzen hasi eta ondoko esaldi hau topatu nuen: «...geroago atomoak existitzen direla ziurtatuko zuela Einsteinek». Zientzian oinarritutako lehen eredu atomikoa Daltonena da. Beste askok egin dizkiote gero ekarpenak eredu atomikoei, baina lana izango nuke atomoaren aurkikuntza Einsteini egotziko liokeen fisikari bat aurkitzeko.

Ezin sinetsirik, elkarrizketa patxadaz irakurtzea erabaki nuen. Zientziak eta teknologiak bide ezberdinak hartu behar dituela defendatu zuen elkarrizketatuak. Alexandriako Heronek lurrun makinarekin eginikoari jarraituz, zientzia ez da produktiboa izan behar, jolastea eta jakin-mina asetzea izan behar omen ditu helburu. Eta aldi berean zientzia diru publikoak ordaindu behar duela argudiatu.

Zientzialariok lana daukagu oinarrizko ikerkuntzak garapenean duen garrantzia gizarteari helarazteko. Hamaika dibulgatzailek eginiko lana komunitate zientifikoaren aurkikuntzak gizartearen lorpen kolektiboak direla transmititzeko, inbertsio publiko horren garrantzia ulertarazteko. Baina agian berak nahiago zukeen diru hori guztia «zientzialari filosofoen klase sozialak» jostaketarako erabiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.