ZUZENDARIARI

Eibarren, trenbidea estaltzearen aurka

2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
No Al Paseo Que Nos Entierra-Ekialdea Bai elkarteak auzo-martxa antolatu du biharko, larunbata, 12:00etan. Martxa Untzagako plazan hasiko da, eta Toribio Etxeberria, Errebal, Arragueta, Urkizuko parkea, Barakaldo, Barrena eta Azitain kaleetatik igaroko da autopistaren sarrerara iritsi arte. Tren geltokia eta Azitain arteko trenbidea estaltzeko proiektuaren aurka gaudela aldarrikatu nahi dugu beste behin ere. Ez dugu Ekialdeko bizilagun askoren ongizatea hipotekatuko duen hormigoizko mole bat eraikitzerik nahi.

Gainera, uste dugu proiektu honek kostu ekonomiko oso handia eta guztiz neurrigabea duela.

Honako konparazio honek udaletik egin nahi denaren zentzugabekeriaren lagin bat eskaintzen digu: Azitain eta Maltzaga arteko paseo-bidegorria —2, 1 kilometro— 5.100.000 euro kostatu da. Kantitate hori oso handia izanik, trazadurak bere zailtasuna zuela aitortzen dugu, eremuarenorografia eta konplexutasunagatik. Aldiz, Estaziño-Azitain pasealekuak —kilometro bat— 18.000.000 euroko aurrekontua du.

Neurrigabekeria izugarria da eta horrek dakarren zentzugabekeriaren ideia bat ematen digu, nahiz eta esan obra Europako funtsekin finantzatuko dela. Europako dirua, jakina, ez da zuhaitzetan hazten; eta oraindik udaleko politikari bakar bat ere ez da gai izan eibartarrei zehazteko zer diru kopuru, eta zer interesekin, itzuli behar diogun. Europako funtsen erdia baino gehiago, dagozkien interesekin bueltatu behar diren maileguak dira, ez dira opariak, eta hurrengo belaunaldien zorpetze publikoa dakar (hori bai next generation).

Horregatik, auzo elkartetik uste dugu mailegatzen dizkiguten funtsak ezin direla edonola erabili. Guztion dirua modu egokiagoan eta inteligenteagoan erabiltzeko modu bat badago: Eibarko kaleetan pasealekua eta bidegorria eraikitzea, Barrena kaleari protagonismo berezia emanez. Zergatik ez da kontuan hartzen Ekialdeko dendei eta negozioei mesede egingo liekeen alternatiba hori?

Bestalde, uste dugu gure politikariek kudeaketa-gaitasuna izan beharko luketela proiektu hau bideratzeko eta Eibarrentzat beharrezkoa den mugikortasun iraunkor integralaren aldeko apustua egiteko.

Gainera, zapatuko martxan Azitain-Maltzaga paseo-bidegorriaren puntu beltza salatu nahi dugu. Autopistako sarrera-irteeran dagoen tarte hori arriskutsua da. Udalak neurriak har ditzala eskatzen dugu, inork nahi ez duen ezbeharren bat jasan baino lehen herritarrek asko erabiltzen dugun pasabide honen segurtasun falta konpontzeko.

Eibartarrok pasabide segurua merezi dugula uste dugu. Norbaitek ezetz uste du?

Guk behintzat auzo elkartetik ozen aldarrikatzen dugu: trenbide gaineko pasealekuari ez! Eibarko kaleak lotzen dituen pasealeku eta bidegorriari, bai!

Eta, horrez gain, salatu nahi dugu: Azitain-Maltzagako bidegorri-pasealekuan dagoen arriskua eta segurtasun falta, autopista sarrera-irteera igarotzean.

Horregatik guztiagatik, nahi duten eibartar guztiak Untzaga eta Azitain arteko martxan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Beste Eibar bat posible dela uste dugu. Eibar Berdezkuratu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.