Ehun egun jada. Zaila da hainbeste greba egunetan sentitzen dugun guztia lerro batzuetan laburbiltzea. Ehun egunetako emozioak. Bizitza osoan harro gogoratuko dugun borroka izango da. Izan ere, lankideak hainbeste urtean lanean ibili eta gero, haien lanpostua ez galtzeko borrokan ari gara. Ehun gau amaigabe, non beldurrak eta larritasunak gainezka egiten diguten, etorkizuna kolokan dugula sentiaraziz, gugan zein ingurukoengan.
Alconzan ehun egun baino gehiago daramagu greban. «Fabrika historikoa» den honetan, eskualde bateko paisaiaren eta historiaren parte izan dena. Ehun egun,25 lankideren kaleratzeen aurrean. Ehun egun kooperatibismoaren alderik desatseginena ezagutuz. Alconzan ez dugu kooperatibismoaren esanahia ezagutu.
Herrialde honen iruditegi kolektiboaren parte da kooperatibismoa: aberastasunaren banaketa bidezkoagoa ahalbidetzen duen langile-klasearen antolaketa bezala ulertzen baitugu. Harro egoteko ereduak. Demokratikoak, bidezkoak, solidarioak, arduratsuak eta lurraldeari errotuak.
Bada, Alconzaren alde iluna ezagutzen ari gara, komunikabideetan inoiz agertzen ez dena, alegia. Gure ustez, kooperatibismoa funtsezkoa da herrialdearen etorkizunean. Baina Alconzak babesten duen eredua ez da kooperatibismoa. Irizar Coop edozein multinazionalek egingo lukeen bezala jokatzen ari den kooperatiba bat da. Enpresa sateliteak erosi eta haien mende jartzen ditu; akordioak bilatu ordez, neurri basatiak ezartzen ditu. Jarrera iheskorra du eta azpikontratatutako aholkularitza baten bidez kudeatu ditu kaleratzeak. Dirudienez, Irizar Group-ek zuzendari kooperatiba baten moduan funtzionatzen du, ez langile kooperatiba gisa. Haientzat akzioak bakarrik al gara? Bazkideen artean hasi eta bukatzen al da konpromiso soziala? Eusko Jaurlaritzak enpresa eredu hauek sustatu nahi ditu laguntza publikoen bidez?
Ekainaren 28an izango da kaleratzeen epaiketa. Ez dakigu epaia zein izango den, baina argi daukaguna hauxe da: denok galduko dugula. Egoera hau saihestu dezagun, oraindik garaiz baikaude.
Guk gurea defendatuko dugu: justizia aldarrikatzen jarraituko dugu, enpleguaren defentsan borrokan jarraituko dugu. Ekainaren 7an ehun egun bete genituen greba mugagabean.
ZUZENDARIARI
Ehun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu