Ehun litro

2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Valentzian gertatu diren uholdeek utzi diguten tristura eta ezin sinetsia barne-barnean ditugularik, etxe aldera etorri, eta gogoeta batzuk egiteko aukera ona dela iruditu zait.

Ez naiz 200 edo 300 litro metroko euria egingo balu zer gertatuko litzakeen pentsatzen hasi, nahikoa litzateke 100 litro egitea. Duela hilabete batzuk 40 litro egin zituen Lazkaon (Gipuzkoa), eta ikusi genituen hango kalteak.

Ez naiz ahazten Tenerife uhartean izandako ugalde handi batzuen ondoren, hango ingeniari batek esandakoaz: «Ez dakigu euririk egingo duenetz; ez dakigu non egingo duen; ez dakigu zenbat egingo duen. Baina egiten badu, badakigu nondik jaitsiko den». Nik «nola etorriko den» gehituko nioke.

Gure lurraldeari begirada ematea nahikoa da etorkizun posible bat irudikatzeko: ibaiak kanalizatuak, etxe eta lantegiak ibaien ertz-ertzean eginda, mendi-maldak pistaz beteak (asko eta asko behin-behinekoak, pinudiak matarrasean ateratzeko), errekak hodietan sartuta, ibai-bazterrak urak erraz eraman ditzakeen zuhaitz edo eraikin ahulez beteta… Autoak ez ditut aipatuko.

Pistek erreken funtzionamendu bera dute, alegia, ura bildu, eta segundo gutxitan ibarraren behean dira urak. Erreka basati horietako urak lurraz eta harriz asetzen dira, eta sekulako indarra hartzen du ur lodi horrek, aurrean aurkitzen duen guztia eramateko adinakoa.

Ibai kanalizatuek segurtasun bat ematen digute, baina Valentziako bideoak ikusi badituzue, askotan ikusi dira bi ibai paraleloan. Bata, ibai kanalizatua, eta bestea, albotik etorri den ura, kanalizazioko hormarekin tupust egin, ezin gainditu, eta beste ibai bat sortu duena, kaltegarriena. Gipuzkoan herri askotan ikusten dut arazo hori; 100 litro egingo balitu mendietatik letorke kalterik handiena.

Ez da ingeniari izan behar norbere herriari begiratu eta ura nondik jaitsiko litzatekeen konturatzeko. Udalak pilak jarri beharrean dira, inolaz ere.

Ez naiz teorizatzen ari, ni Zarautzen nibel baxuenean dagoen kalean bizi naiz, eta euri-jasa handien abisua den bakoitzean beldurrez egoten gara. Ez da beldur literarioa, benetakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.