Izarra

EHU eta euskararen akreditazioa

Sonia Hernando
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Gure alabari ez diote utzi EHUn matrikulatzen Lehen Hezkuntza ikasteko. Eta ez, ez da notaren arazoa izan. Unibertsitatean matrikulazioa hasi baino hiru aste eskas lehenago, Batxilergoa egin duen institutu publikoak jakinarazi digu ez duela euskararen B-2 ziurtagiria eskuratuko. Bazterketa horren arrazoia da Batxilergoko lehen ikasturtea Estatu Batuetan egin zuela, eta legeak ezartzen duela ziurtagiri hori lortzeko Batxilergoko ikasgaien erdiak baino gehiago euskaraz eginak izan behar dituela. Ez dugu eztabaidatuko lege hori zentzuzkoa den ala ez, baina haserretu gaituena izan da inork ez digula horren berri eman. Atzerrian egindako ikastaroa baliozkotu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak edo Batxilergoko azken ikasturtea egin duen institutu publikoak egoera horren berri garaiz eman izan baligute, gure alabak bere kabuz aurkeztu ahal izango zukeen profil hori egiaztatzeko edozein deialditara. D ereduan hezkuntza ibilbide osoa egin duen ikasle bat Euskal Herriko Unibertsitatetik kanpo geratu da. Familiok ez daukagu EHAAn argitaratutako lege bat irakurtzeko ohiturarik, ezta betebeharrik ere. Gure alaba kanpoan geratu da, eta horrek ez du konponbiderik, baina gutun hau argitaratzen dugu egoera hau berriro gerta ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.