Arrasate

Ehiza eta adin txikikoak: indarkeria ikasi egiten da

Yolanda Jimenez Sudupe
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datu ofizialik ez dagoen arren, ehiztarien arteko istripuak ohikoak dira, Gipuzkoako Ehiza Federazioak esan zuen bezala: «Istripu bat eragin dezaketen bala galduak edo erreboteak gerta daitezke, bai errifle batekin, bai eskopeta batekin, protokoloak ezartzen dituen segurtasun-neurri guztiak bete arren». 

Ehizak pertsonen artean utzitako zauritu eta hildakoen artean, Debako etxebizitza baten barruan zegoen 75 urteko emakumea dago; basurde uxaldi batean, baimendutako eremutik kanpo zegoen ehiztari baten tiro batek buruan jota ordu batzuetara hil zena. 

Ezbehar haren harira 22 ehiztariri zigor-espedientea zabaldu zietenez, ehiztari batzuek uxaldirik ez egitea erabaki zuten; negoziazio luze baten ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ehiza Federazioak ehiza segurua egiteko akordioa urtarrilean sinatu zuten arte. 

Indarrean sartutako foru agindu berriaren arabera, lehen ehizatzea posible ez zen segurtasun-eremuetan (ibilbideak, herri-erabilerako bideak, trenbideak, bidegorriak, bide berdeak, ur-bazterrak...) orain ehizatu ahal izango da, betiere foru-aldundiko organo eskudunak interes publikoko arrazoiak daudela egiaztatuz gero; seinaleztapen batzuk eginda, hori bai, eta ehiza-mapak digitalizatuz; mendian aisialdiaz gozatzen dabiltzanek ere, badaezpada, ehiztariak non dabiltzan jakin dezaten. 

Naturan bakean dabiltzanak, ez dakit, baina ehiztariak behintzat bai, orain lasaiago ibili daitezke beren su-armekin, segurtasun juridiko handiagoa izango baitute. 

Ehiza-munduan, kezkagarria den beste aldaketa bat ere egon da. Eusko Legebiltzarrak, EAEko Ehiza Legearen erreforma onartu berri du martxoaren 20an, eta, horren arabera, adin txikikoak ehiztari laguntzaile izan daitezke. Sortutako laguntzaile figura hori edonork bete dezake, ez zaio lizentziarik eskatzen, ez ezagutzarik, ezta adin-mugarik ere. 

Ehiza-lizentzia kopuruaren beherakada ikusita erreleboa sustatzea premiazkoa iruditu zaienez, lege-erreforma hori ahalik eta lasterren onartu dute, interes partikularrei bakarrik begiratuz; adituen iritzia kontuan izan gabe, hausnarketa eta eztabaidarik gabe. 

Gaur egungo gizartean ditugun prebentzio-programen eta irtenbide sozialen erronka nagusia zera da, daukagun indarkeria-arazo sakonari aurre egitea. Errespetua bezalako balioen faltak, sarritan, gatazkak eta indarkeria-egoerak sortzen baititu gure gizarteko hainbat esparrutan. 

Indarkeria ikasi egiten da. Besteen minarekiko enpatia haurtzarotik nerabezarora eraikitzen da. Adin horietan indarkeria normalizatzen bada, garapen pertsonal eta sozialerako arazoak izan ditzaketela diote adituek. 

Gure gizarteko haur eta gazteek enpatia, errespetua, onberatasuna, samurtasuna eta errukitasuna bezalako balioak ezagutzeko eta jasotzeko eskubidea izan beharko lukete. Balio horiek bultzatzeko, gure politikariek adin txikikoen artean sustatu nahi duten ehiza bezalako jarduerak ez dira batere aproposak; bertan errifle eta eskopeten artean, animaliak dibertimenduz zauritu eta hiltzen baitituzte, beraienganako indarkeria eta tratu txarrak guztiz normalizatuz. 

Nola da posible politikariek su-armen erabilerak daukan arriskua kontuan ez izatea eta adingabea horrelako ekintzetan parte hartzera bultzatzea? 

Norbaitek haur bat eraman nahi badu animaliei jazarri, animaliak zokoratu, zauritu eta hiltzea kiroltzat hartzen dutenen errealitatea gertutik bizitzera, nork babesten du haurra animalien aurkako indarkeria bortitzaren normalizaziotik? 

Nork babesten du adin txikikoa errifle eta eskopeten arriskuetatik? 

Arriskua hor dago. 2018an, Villalba de los Alcores herrian, bere osaba eta eskarmentudun ehiztariekin zegoen 13 urteko haur batek bizia galdu zuen zauritutako basurde bat hiltzera joan zen momentuan. 

Ehiztari batzuek, basabereen inguruan, ezagutza izugarria daukate. Ez litzateke aproposagoa izango dakiten guztia, gaztetxoengan animaliak hiltzeko zaletasuna pizteko erabili beharrean, haiek ikusteko, behatzeko, ezagutzeko, zaintzeko, errespetatzeko... erabiltzea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.