ZUZENDARIARI

EH Bilduk EH hil du

Pasai Donibane.
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ahoa bete hortz utzi ninduen EH Bilduk datozen hilabeteotan Kontsulta Lege bat aurkeztuko duela aditu, ikusi eta irakurri nuenean. Dirudienez, herritarrei 2016an galdetzea espero du koalizioak, legealdia amaitu baino lehen, hain zuzen ere. Horretarako, Kataluniako itsas zabalean sortzen ari den ustezko olatua baliatu nahi dute.

Bitxia da gero, tamalez, zenbat itsutu gaituen beste herrialde horretan bizitzen ari diren esperantza-kolpeak, bertako iparra galtzeraino. Badira urte batzuk euskaldunok amildegira eramango gaituen noranzkoa hartu genuela, eta, gainera, abiadura handian. Antza denez, nahiko gustura ez, eta are bizkorrago jardun nahi dugu. Datorren urtean, beste belarrondoko bat jaso nahi dugu! Zer trebeak garen gure burua hormaren aurka jipoitzen!

Nola liteke nortasunari, izaerari muzin egin, eta EAErako soilik izango den proposamen antzu bezain zentzugabea harro-harro aurkeztea? Horrenbeste urtetan aldarrikatutakoa zakarra izango balitz bezala, bereizi, birziklatzen hasi eta konposta ongarri bihurtu behar al dugu? Jabetzen al gara gure herria zatitu zutenen baieztapen guztiak onartu, eta haien amua bere hartan irentsi dugula?

Maiz pentsatu edo sentitu izan dut probintziakeriak jota bizi garela, hau da, tokian tokiko egoera goraipatzen edo gutxiesten ematen ditugula egunak, asteak, hilabeteak... Nolanahi ere, gustura asko entzungo nuke albistea zabaldu orduko, zer sentitu zuten bidelagun izan zituzten, ditugun eta izango dituzten Mauleko, Tuterako, Beskoitzeko edo Burgiko biztanleek.

Urteen joan-etorriek irakatsi didate politikariek, alderdiek, oro har, uste baino eragin handiagoa dutela herritar xumeongan; zorionez, baina, tirriki-tarraka aldatzen ari da.

Bestalde, euskaldun orok du denon baserria, etxea izango dena eraikitzeko eskubidea eta ardura, denok babestuko, zainduko gaituen aterpea. Jakin badakigu zer eta nolakoak garen. Hala ere, ez garena onartzen eta aldarrikatzen hasten bagara, akabo, gureak egingo du!

Ea behingoz konturatzen garen handi, erraldoi bilakatu behar dugun herri, hiri txiki honetan erabaki behar dugula nolako etorkizuna nahi dugun. Dena dela, ez gaitezen agintarien zain egon. Ez diezagutela esan boterea besterik nahi ez dutenek zer, noiz eta nola egin behar dugun. Auzoz auzo, herriz herri denok eman behar dugu zerbait jendarteari sinetsarazteko burujabetza, independentzia dela mendeetan zehar lapurtu digutena berriz berreskuratzeko giltza. Hala ere, hori guztia presarik gabe egiteko, euskal gatazkaren minbiziari sustraietatik, errotik heldu behar diogu. Ez diogu porrotari beldurrik izan behar.

Beraz, ez dezagun jarraitu gure teilatuari harrika. Mesedez, ez diezaiegun EAE bizi-bizi mantendu nahi dutenei su-gar gehiago oparitu. Horrela, Euskal Herria hilko dugu. Ken dezagun behin betiko behar bezala ikusten uzten ez digun zapia, etahas gaitezen gupidarik gabe zatitu, josi zuten nazio, lurralde hori pixkanaka-pixkanaka askatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.